EDF LOGROÑO – LAUBURU KE IBARRA MAHALA
Lauburu ibarra Mahalak 3-1 galdu zuen EDF Logroño taldearen aurrean pasa den igandean.
Ligako hogeita bosgarren jardunaldia Logroñon jokatu zen eta bertan amaitu zuen talde
moreak orain arteko bolada onarekin. Bosgarren postuan finkatzeko aukera bikaina zen
igandekoa, baina ez zuten aprobetxatzen jakin izan eta postu bat jaitsi dira ondorioz.
Norgehiagoka ez zen ondo hasi ibartarrentzat. Behar adinako kontzentraziorik gabe atera ziren
eta laugarren minuturako 2-0eko emaitza zuten jada markagailuan. Errioxarren martxa bat
gehiagorekin atera ziren eta lehenbiziko minutu horiek aprobetxatzen jakin izan zuten. Moreek
hutsartea eskatu ostean ongi erreakzionatu zuten; baloiaren jabetza izaten hasi ziren eta
lehenbiziko gol aukerak sortu zituzten, guztiak bertako atezainak partida guztian egindako lan
bikainarekin alderatuak izan zirelarik. Bertako taldeak atezain jokalariarekin ezustekoa eman
zuen, bere atea arriskuan jarri gabe, ibartarrei korriarazteko ongi landuta ekarri zuten jokaldia.
Egoera honek norgehiagokaren erritmoa hausten zuen moreen galerako. 2-0eko emaitzarekin
amaitu zen lehenengo zatia, ibartarrak estrategian edota posizio-erasoan aukera garbiak izan
zituzten, baina azken metroetan ez zuten asmatu.
Bigarren zatian ez ziren gauzak aldatu; Arevaloren mutilak arrisku ekintzak lotzen saiatzen ziren
errioxarren pista erdian zain geratzen ziren bitartean, handik kontrara ateratzeko asmoz.
Baloia berreskuratzen zutenean 5×4 egiten zuten jabetza mantentzeko. Hamahirugarren
minutuan bertakoek 3-0ekoa markatu zuten ibartarrek aurkariaren kantxan baloia galdu eta
gero. Handik minutura atezain jokalaria atera zuen talde moreak eta lehenbiziko aukeran Oier
Goikoetxeak sartu zuen 3-1ekoa. Bisitariek saiatzen jarraitu zuten eta aukera batzuk ere izan
zituzten, baina markagailua horretan geratu zen zoritxarrez.
Partidaren amaieran entrenatzaileak hitz hauek esan zituen: “Kantxara behar den bezala ez
ateratzeagatik astean zehar landutako guztia lehenbiziko lau minutuetan galdu dugu, eta
handik aurrera bagenekien zaila izango zela. Logroñok atezain jokalaria erabiltzen du
norgehiagoketan erritmoa hausteko eta guri jokaldi hori barneratzea asko kostatu zaigu.
Aukerak sortu ditugu eta azken metroetan ez dugu asmatu, baina norgehiagoka benetan,
lehenbiziko lau minutuetan galdu dugu. Handik aurrera gure mailan jokatu dugu partida osoa.
Ezin da inoiz ezer oparitu, gutxiago gainera, gure moduan, daukagun gol defizit handia edukita.
Horrela ikasten da eta datozen jardunaldietarako eskarmentu gisa balio izatea espero dugu”.
Beste aldetik, pasa den larunbatean Donostiako Gaska kiroldegian jokatu den infantilen
Gipuzkoako Koparen finala 4-2 galdu zuen Uzturpe Lauburuk Berastegi Orixeren kontra.
Zorionak Berastegiko taldeari Euskadiko jokoetan eta Espainiako Txapelketaren aurreko fasean
sailkatzeagatik. Zorte on.
#GoazenLauburuKEIbarra #aukeratuMOREeginLAUBURU