Jokoan zeuden emaitza garrantzitsu guztiak aldeko izan dira asteburu honetan, eta ez da errepikatzen erraza izango. Bazterketak jokatzen zituzten talde guztiek irabazi zituzten beren norgehiagokak eta lehenengo taldeak, larunbat arratsaldean Guadalajaran bertako taldeari irabazita eta Iruñean Zierbenaren porrotaz baliatuz datorren denboraldian errege kopan postu bat lortuta, urrezko amaiera eman zion asteburuari.
Klubeko zortzi taldeetatik bostek denboraldiko azken sprint honetan helburu garrantzitsuak lortu dituzte, eta beste hiruak ere, merituzko postuetan amaitu dituzte beren txapelketak, klubaren garapenari ekarpen handia eginez.
– Infantilen kategorian Gipuzkoako txapeldunak.
– Jubenilen Ohorezko Mailan Euskadiko Euskal Kopako finalistak.
– Jubenil Territorialean ligako finalistak.
– Emakumezko Territorialean ligako finalistak.
– Bigarren B Nazionalean 18-19 denboraldiko Errege Koparako sailkatuak.
Infantilen beste taldearen partehartzea ere azpimarratzekoa izan da, Loitzunen eskutik denboraldi osoan lan bikaina egin eta finalaurrekora iritsi baitzen, bertan galdu zuelarik.
Azpimarratzekoa baita ere, Mikel Raposok kadeteen aurrean egin duen lan bikaina; goiko kategoriak jokalariekin elikatzeaz gain, bigarren itzuli bikain bat merituzko laugarren postuan kokatuta amaitu du taldeak.
Azkenik, Txubelek gidatutako senior filialak seigarren postuan amaitu du eta ezin izan du lauko play-offetan egon; lantaldean aldaketa nabaria izan da, talde beterano asko dagoen kategorian areto futbol ederra egiten duten jokalari gazteak dira.
Lauburu Mahala Ibarra Euskadiko euskal koparen finalerako sailkatu da, Gora Bilbaoren kontra itzulerako partidan bosna berdindu ostean. Aurreko astean Bilbon jokatutako joaneko norgehiagoka 2-4ko emaitzarekin amaitu zen; itzulerakoa Ibarran, emaitza berarekin amaitu zen, eta berdinketa hausteko bost minutuko luzapena jokatu behar izan zuten. Ibartarrak oso zaila jarri zen partidua erremontatzeko gai izan ziren.
Norgehiagoka bertakoen aldeko jarri zen hasieran, hirugarren minutuan Asier Aierbek 1-0ekoa egin baitzuen. Errenta handitzeko aukera onak izan zituzten moratuek momentu hauetan, baina ez zuten asmatu eta bisitariak aurkariaren atera hurbiltzen hasita zeuden jada, bertikaltasun handiarekin eta jaurtiketa bizkorrekin 1x1eko ekintzak bilatuz. Ibartarrak ez ziren eroso sentitu aldarte honetan eta lehenengo zatia amaitzeko lau minutu faltan, bisitariek partidua berdintzea lortu zuten. Emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatia presio irteera on baten ostean Liherrek egindako jaurtiketa bortitz batekin hasi zen, baina langa jo zuen. Hirugarren minutuan Gora Bilbaok 1-2koa ezarri zuen markagailuan. Partidua oso irekia izaten ari zen eta aukerak bi aldeetan gertatzen ziren. Hamargarren minutuan bisitariek tartea handitu zuten berriro 1-3koarekin. Minutu bat beranduago Paulek murriztu zuen aldea Asier Colasen asistentzia on bat aprobetxatu zuenean. Bigarren zatiaren hainbat momentuetan partiduak ez zuen kontrolik izan eta hau ibartarren kalterako izan zen. Amaierarako lau minutu falta zirela, bertakoek defentsan egindako akats bat medio, bisitariek berriro markatu zuten, 2-4, eta bi taldeak saiatzen jarraitu bazuten ere, emaitza honekin amaitu zen partidua. Ondorioz, luzapenera jo behar izan zuten.
Luzapenaren lehenbiziko denbora Asier Colasen asistentzia on baten ostean Paul Ruedak sartutako estrategia gol batekin hasi zen, baina pozak 15 segundo bakarrik iraun zuen. Aurkariak 3-5ekoa markatu zuen segidan eta emaitza honekin luzapenaren lehenbiziko denbora amaitu zen.
Bost minutu geratzen ziren jokatzeko eta bazterketa erabakitzeko. Ibartarrak partiduaren dinamika aldatzea erabaki zuten atezain jokalariarekin jokatuz. Estrategia aldaketa honek bere fruituak eman zituen, 1:22 minutu falta zirela Alvaro Alonsoren bidez 4-5koa egin baitzuten, honela finaletik hurbilago kokatuz. Partidu gehiago geratzen zen eta edozer gauza gerta zitekeen, baina 45 segundo beranduago, Gurruk atezain bisitaria maisutasunez gaindituz bosnako berdinketarekin utzi zuen norgehiagoka, eta ondorioz, euskal koparen finalerako txartela eskuratuta.
Partiduaren amaieran entrenatzaileak honela zioen: “Gora Bilbao zoriondu nahi dut lehenik, Belabietan erakutsi duen irudiagatik. Partidu bikaina jokatu dute eta finalerako sailkatzeko zorian egon dira, abilezia handiko jokalariak min handia egin digute eta ez dugu geldi arazten jakin izan. Defentsan gaizki egon gara, lau goletan atzetik aurrea hartu digute, norgehiagoka ez dugulako merezitako kontzentrazioarekin jokatu. Erasoan hobeto egon gara, baina ez dugu aitzakiarik. Defentsa arloan, taldeak egin duen partidua eskasa izan da eta kanpoan geratzetik hurbil egon gara. Finalerako sailkatu gara, baina aste honetan lan asko egin beharko dugu egindako akatsak zuzendu ahal izateko, asko izan dira-eta”.