Lauburu Mahala Ibarrak 0-6 galdu zuen San Juan talde nafarraren aurrean jokatutako aurre-denboraldiko lehenengo lagunartekoan. Nafarrek jubenilen kategoria gorenera itzuli dira urte batzuk pasa ostean, eta moratuen talde gaztea erabat menderatuz, ligako titulua lortzeko hautagaiak direla erakutsi dute.
Aitor Arevaloren lantaldea oso berria da, iaztik bost jokalarik bakarrik jarraitzen baitute bertan, eta fisiko handiko talde honen kontra asko sufritu zuten; jokalari gehienek ibartarrak baino handiagoak ziren. Bi taldeak aurkariaren jokoa estutuz hasi zen norgehiagoka, nafarrek teknika aldetik kalitate handiagoarekin jokatzen zuten eta moratuek erabilitako defentsatik erraz ateratzen ziren. Bertako taldeak berriz ez zuen bi pase jarraian egitea lortzen eta ziurgabetasun handiarekin jokatu zuten lehenbiziko zatian. Lehenengo denbora iruindarren aldeko 0-4ko emaitzarekin amaitu zen.
Moratuek saiatu baziren ere, bigarren zatian ez ziren gauzak aldatu eta bisitariak hobeagoak izan zirenez, 0-6 irabazten amaitu zuten norgehiagoka.
Partidaren amaieran entrenatzaileak hitz hauek esan zituen: “Test ona izan da hau guretzat, gaur jokatu duten 14 jokalarietatik 9k ez dute inoiz baloi geratuarekin jokatu, kategoria honek eskatzen duen mailako partidarik ere ez dute inoiz jokatu, eta hori garbi geratu da. Mutil hauek neurketa lasaiak eta intentsitate txikikoak jokatzen ohituta daude, eta orain egokitze-tarte bat gainditu beharko dute profil honetako taldeen kontra lehiatu ahal izateko. Bi taldeen arteko desberdintasuna benetakoa da gaurko egunez. Entrenamenduetan oso ongi ari gara, ditugun gabezia teknikoak jokoa eraikitzeko garaian mugatzen gaitu, eta hobetu beharra daukagu. Defentsan asko hobetu dugu bigarren zatian, baina izan nahi duguna izatetik urrun gaude oraindik. Gogor ari gara lanean irabazteko zaila izango den taldea izateko, eta horretan jarraituko dugu. Mutilen jarrera oso ona da eta egunak pasa ahala, gauzak hobetzen joango dira. Ziur naiz geroz eta hobeto lehiatuko dugula”.