Aitor Arevaloren mutilak zalantza handiekin iritsi ziren ligako lehenbiziko partidura. Aurre-denboraldian emaitza txarrak izan badituzte ere, norgehiagoka on bat jokatu zuten igandean, eta jasaten ari diren belaunaldi aldaketaz gain, astez aste asko haziko den taldea dela erakutsi zuten. Ligako lehenbiziko garaipena lortzeko zorian egon ziren liga nazionaleko talde onenetako baten aurka.
Erritmo biziarekin hasi zen neurketa, eta ekintza arriskutsuenak bertako taldeak sortzen zituen, lehenengo lerroan nafarren bizkarrean min handia eginez. Bi taldeak estu hartu zituzten markak, aurkariaren ate inguruan berreskuratzen saiatzeko asmoz. Norgehiagoka elektrikoa zen eta joan etorriak bi aldetan gertatzen ari ziren. Bi taldeak saiatu ziren, baina hutseko emaitzak jarraitu zuen atsedenaldira arte.
Bigarren zatia ez zen moreentzat ongi hasi; zazpi minutuetan hiru gol jasan zituzten eta norgehiagoka asko zaildu zen. Urte oso bat etxean galdu gabe egon ostean, hiru puntuak Belabietatik ihes egin behar zutela zirudien, baina ibartar gazteak ez dute inoiz etsitzen. Bederatzigarren minutuan Jon Ander Cuadradok abantaila txikitzea lortu zuen falta batean burututako estrategia-ekintza batekin. Bi minutu beranduago bisitarien jokalari bat kanporatu zuten epaileek eta talde moreak, jokalari gehiagorekin, nagusitasuna izan zuen bi minutuetan, baina ez zuen gola sartzea lortu. Bisitariek laugarren jokalaria berreskuratu ostean, eta taldeko ekintza bikain baten bidez, Gurruk 2-3koa markatu zuen.
Partida estu jarri zen orduan eta ibartarrak pazientzia handiarekin joan ziren berdinketaren bila. Bost minutu eta erdi norgehiagoka amaitzeko eta Martin Ibarbiak hirunako berdinketa egin zuen korner bat ateratzean. Norgehiagoka etxekoen aldera okertuko zela zirudien, baina 3 minutu faltan defentsako akats bat medio, bisitariek 3-4koa egin zuten. Moreak atezain jokalariarekin atera ziren eta bi aukera garbi ere izan zituzten, baina baloia ez zen sartu eta garaipenak Belabietatik ihes egin zuen.
Norgehiagokaren amaieran, entrenatzaileak honela zioen: “Oso partida serioa jokatu dugu eta izan ditugun aukerak ikusita, lortutakoa baino gehiago merezi genuela iruditzen zait; xehetasunek erabaki dute neurketa eta alderdi horretan oraindik hazten ari gara. Partidua berdindu eta gero, taldea garaipenaren bila joan da; amaieran gol inuzente bat jasanda ere, 40 minutuetan zehar erakutsitako jarrera eta elkartasuna bikaina izan da, gure izaeraren parte da hori. Bihartik aurrera egindako akatsak lantzen hasiko gara, baina alderdi positiboak indartzen ere bai, asko izan dira-eta”.