Lauburu punturik gabe itzuli zen aurreko larunbatean Aragoitik. Bi taldeek joko alternatiba eta gol aukera ugari izan bazituzten ere, bertakoek eraman zituzten hiru puntuak.

Hasieratik bi babes-apustu desberdin ikusi ziren; baloia norberaren zelaitik urrun mantentzeko, bi taldeek aurkariaren aurreratzea saihesten zutelarik. Lehen minutuetan, Lauburuk aurrea hartu zuen Andonik, korner baten ondoren, sare hondora eramandako estrategiazko gol batekin. Egoera horrekin, Pinseque segituan birjarri eta arrisku handiko bi iritsiera egin zituen. Dena den, Jorgek bere porteria ondo defendatu zuen. Aurrerago, zortzigarren minutuan zehazki, eztabaida eragin zuen jokaldi bat iritsi zen. Soilik arbitroek ulertutako jokaldi horrekin, bertakoen aldeko penaltia adierazi eta Rausellek berdinkentan jarri zuen markagailua.

Topaketak erritmo handia hartu zuen, etengabeko joan etorriekin eta Zaragozako taldeak egoera honi probetxua ateratzen jakin zuen, 16.minutuan bere markagailura bi gol gehitzen zituelarik: lehena Diegok, area aurrekaldean zegoen baloi solte bat sarera eramanda eta bigarrena, berriz, Luismik, korner baten ondorengo hutsegite bat aprobetxatuz. Momentu okerrenak izan ziren horiek Ibarrako taldearentzat eta lehen zati honen azken txistua entzutea eskertu zuten.

Aldageletatik pasatzea positiboa izan zen Laubururentzat, baina partidaren erritmoa izugarria zen eta porterietara behin eta berriro iristen jarraitu zuten bi taldeek. Bi atezainek beren lana ondo egin eta markagailuko emaitzak aldatzea saihestu bazuten ere, bigarren zati honen erdialdean, ibartarren areatik gertu jaurtitako beste zalantzazko falta batek, Jorgeren hanka ukitu ondoren, golean bukatu zuen. Modu horretara, markagailua 4 eta 1-era igotzen zen.

Hori horrela izanik, talde moreak irtenbideak bilatu behar zituen eta Alfredo Hualdek, zalantza egin gabe, 5-eko jokoaren alde egin zuen. Lehen posesioetan, ibartarren presek ia partida ixtea eragin zuten; babestu gabeko porteriara bi baloi jaurti baitzituen aurkariak. Dena den, pazientziarekin lan egin eta, bi minuturen faltan, Aragoikoen defentsa gainditu eta berdinketa lortu zuten. Andoniren eta Aitzolen golek Ibarrakoen aukeretan sinisteko balio izan zuten. Hala ere, taldea ez zegoen fin defentsa aldetik eta, azkenean, Cristianek 5 eta 4-ekoa jarri zuen markagailuan; errebote ugari eta poste bat izan zituen jokaldi batean. Bukatzeko, azken minutuan, 5×4-ekoaren osaketan gertatutako akats batzuen erruz, markagailua 7 eta 4-ra igo zen.

Laubururen porrota gogorra izan zen eta taldeak defentsan duen nortasuna galdu izanak bere ondorioak izan zituen. Autokritika egiteko ordua da, partida bakoitzeko ekintza bakoitzean ahalik eta gehien exijitu behar dela kontziente izanez. Izan ere, ez dago aurkaririk kontrakoa ahalbidetuko duenik. Datorren astean Belabietara itzuliko da Lauburu, eta Cuellar Segoviano taldea jasoko du. Garaipenen bidera itzultzeko une ona izango da larunbatekoa, sailkapeneko buruan jarraitzea ahalbidetzeko balioko duelarik.

GOAZEN LAUBURU K.E. IBARRA!!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

PINSEQUE FS: Braian, Cristian (1), Carlos (1), Alex (1) eta Luismi (1).

Horiez gain: Diego (1), Rausell (1), Alvaro, Tello, Joselu, Natxo (1) eta Cárdenas.

LAUBURU K.E. IBARRA: Jorge, Antxon, Dani, Beñat eta Andoni (3).
Horiez gain: Zumeta, Aitzol (1), Oihan, Boli, Alvaro, Juaristi eta Ruben.

TXARTEL HORIAK:

PINSEQUE: Luismi, Diego y Joselu

LAUBURU K.E. IBARRA: Aitzol eta Oihan (2A)

GOLAK
0-1 MIN 03 – ANDONI
1-1 MIN 08 – RAUSELL
2-1 MIN 16 – DIEGO
3-1 MIN 16 – LUISMI
ATSEDENA
4-1 MIN 26 – ALEX
4-2 MIN 34 – ANDONI
4-3 MIN 35 – AITZOL
4-4 MIN 38 – ANDONI
5-4 MIN 39 – CRISTIAN
6-4 MIN 40 – CARLOS
7-4 MIN 40 – NATXO

ARBITROAK 

Jesus Iribarren Santamaría (Comité Navarro) 

Andoni Lancha Urtasun (Comité Navarro)