Igandean jokatuko du Lauburu Ibarra Mahalak bere ligako hamargarren jardunaldia, eta Valle del Ebro taldearen aurrean jarriko dira Logroñora bidaiatu ostean. Eguerdian izango da norgehiagoka eta ibartarrak etxetik kanporako denboraldiko lehenengo garaipenaren bila joango dira.
Igandeko norgehiagokarako Aitor Arevalo entrenatzaileak jokalari guztiak izango ditu eskura. Pasa den astean atsedenaldiagatik jokatu gabe egon ostean, ibartarrek gogotsu hartu dituzte berriro entrenamenduak.
Errioxar taldeak defentsa baxuak eta itxiak erabiltzen ditu, kontraerasoari ekiteko helburuarekin. Iaz, Logroñon jokatutako norgehiagokan talde moreak 2-5eko emaitzarekin irabazi zuen, nahiz eta bertako taldeak neurketa hasi bezain laster aurreratu ziren markagailuan.
Entrenatzaileak ondoko balorazioa egin du: “Aste honetan ez dugu jokatu eta igandean nola egongo garen inkognita bat izango da. Jokatutako azken jardunaldian irabazteak konfiantza handia eman digu eta zelaian erabaki onak hartzeko eta norgehiagoka aurrera ateratzeko lagungarria izango dela espero dugu. Defentsa baxuak erabiltzen dituen aurkaria izango dugu aurrean, beraz, amaitzeko aukera onak eskainiko dizkigun mugimendu motzak landuko ditugu. Test bikaina izango da guretzat”.