Lauburu Ibarra Mahala – Castro Urdiales CFS
3-2 irabazi zion Lauburu Ibarra Mahalak Castro Urdialesi bere ligako hamazazpigarren jardunaldian, eta azken asteetan zuen bolada ezkorra etetea lortu zuen honela. Etxeko talde moduan jokatzera Amasa-Villabonara joan behar izan zuten moreek eta lan handian egin behar izan zuten Kantabriako taldea menderatzeko, 40 minutu luzeetan gauzak asko zaildu zituen-eta.
Pistaren hiru laurdenetan estutuz hasi ziren bi taldeak, aurkariari akatsak eginarazteko xedez. Ibarrako taldea ez zen eroso sentitzen jokoa eraikitzeko garaian, pistan zeuden aire-poltsen konkorrak zirkulazioa eta paseak zailtzen zituztelako. Zortzigarren minutuan moreak aurreratu ziren markagailuan, Oier Goikoetxeak pista erdian ostu eta parekoaz libratuz sareetan sartu zuenean. Kantabriakoek ate moretik hurbil estutzen jarraitzen zuen eta bertakoek, lehenengo zati honetan zehaztasun handirik gabe ibili zirenez, nahigaberen bat edo beste izateko adina akats tekniko egin zituzten, baina zorionez aurkaria ere ez zen oso fin ibili amaierak gauzatzeko garaian. Lehenengo zatia amaitzeko bost minutu faltan berdindu zuten bisitariek eta emaitza honekin erretiratu behar izan zuten aldageletara. Sentsazioak ez ziren oso onak, moreek ez ziren bere ohiko jokoan eroso sentitzen.
Bigarren zatiaren lehenbiziko minutuetan erabat aldatu zen jokoa; ibartarrak baloia oso estu hartuz, erasoan pibotaren sistema erabiltzen hasi ziren, eta era bertikalean jokatzen taldearen beste bertuteak aprobetxatu nahian. Minutu eta erdira Martin Ibarbiak 1-2koa egin zuen bandako estrategiaren bidez. Arevaloren mutilak pultsua hartuta jada partidari, errenta handitzeko abantailazko egoera batzuk izan zituzten, baina Castroko atezainaren lan onak emaitza geldirik mantendu zuen. Norgehiagoka amaitzeko zazpi minutu falta zirela, bisitariek binako berdinketa ezarri zuten elektronikoan. Gol honek min handia egin zezakeen bertako taldean, baina moreek, etsi beharrean, pauso bat eman eta bisitariek beren ate inguruan uzkurtu zituzten. Ezer lortu gabeko hainbat saiakeren ostean, Joanes Tijero, debuta egiten ari zen jokalari etorri berriak 3-2koa egin zuen jokatzeko lau minutu falta zirela. Kantabriakoek atezain jokalariarekin saiatu ziren, baina emaitza ez zen gehiago mugitu Ibarrakoen pozerako.
Partidaren amaieran, entrenatzaileak hitz hauek helarazi zizkigun: “Lortutako garaipenagatik oso pozik gaude; lehenengo zatian sufritu egin dugu, baina aldageletatik bueltan jokatzeko era aldatu eta guretzat ohikoa ez den sistema baten bidez, asoziazio onak jostea lortu dugu. Honek zuzenak izatea eta aurkariaren ate inguruko egoerak irabaztea ahalbidetu digu. Beharrezkoa genuen garaipen hau, lehenbiziko zatian akatsak egiteko beldurrez jokatu dugu eta aurkariari bizkarra emanez. Konfiantza duen talde batek aurrez aurre jokatu behar du, parekoa mehatxatuz; bigarren zatian tente jarri gara eta sortu ditugun okasioak asko izan dira, baina beste askotan bezala, atearen aurrean ez dugu asmatzen jakin”.
#AukeratumoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra