PATATAS GÓMEZ A.D. SALA 2012 – LAUBURU K.E. IBARRA
Hamabost egunetan Zaragozara egin beharko duen bigarren bidaia izangoa hau Ibarrakoentzat. Oraingoan AD Sala 2012 taldearen kontra jokatzeko, Bigarren B Mailan aurtengo denboraldian debutatzen duen taldea. Sailkapena xehetzen ari den garai honetan, moreak taularen goiko aldean finkatzeko helburu argiarekin egiten diote aurre norgehiagokari.
Bost jardunaldi jokatu ondoren, berdinketa bat, bi garaipen eta beste bi porroten bidez lortutako 7 puntu pilatu ditu Lauburuk. Aste honetako aurkariak erregistro berberak dituenez, neurketaren garrantzia agerikoa da. Kontuak ateratzeko oraindik garaiz bada ere, buruan kokatzen den taldeak abiadura hartu duela dirudi, puntuei dagokienez behintzat, beraz, ez da komeni hortik luze aldentzea.
Aragoiarrek, hasiera zalantzakor baten ostean, hauspoa hartu dutela dirudi. Bi garaipen lortu dituzte beren azken hiru norgehiagoketan. Pasa den larunbatean berriz, Sala Quintoren kontra erori ziren beren probintziako derbian, beraz, larunbateko norgehiagokan horren ordaina jaso nahiko dute.
Moreak aldiz, kopako erresaka atzean utzita, Alzira bezalako aurkari baten kontra jokatuz garaipen garrantzitsua lortu zuten Belabietan pasa den astean. Alta, Alfredo Hualderenak badakite kategoria honetan goiko postuak dastatzeko, etxetik kanpora puntu asko pilatu behar direla, hortaz, larunbatean ezin dute hiru puntuak lortzeko aukera galtzen utzi eta sailkapenean aurretik daudenak harrapatzen saiatu.
Entrenatzaile moreak datorren norgehiagokari buruz honakoa esan zigun: “Kanpoan jolasten dugu eta hori beti zailagoa izaten da. Miguel Escosa bezalako entrenatzaile baten bidez ondo landutako taldea dela gehitzen badiogu horri, lehiatzea besterik ez zaigu geratzen eta garaipena lortu ahal izateko maila handia eskaini. Taldearen lan-dinamikaz oso gustura nago, larunbatean maila on bat ematea eta puntuak Ibarrara ekartzea espero dut”.
Neurketa 19:15ean izango da Zaragozako Actur V eraikinean, eta Ibarrako espedizioa Belabietatik aterako da 14:30ean.
Beti bezala, norgehiagoka urrunetik jarraitu nahi izanez gero, hor izango gara zuekin Klubeko Twitter bidez: @LAUBURUKEIBARRA
Ez ahaztu: LARUNBATA, URRIAK 20, 19:15ean