Irailaren 1eko larunbata gorriz ipinita zuen Lauburuk bere egutegian, 2018-2019 denboraldi berriaren aurkezpen partidua eta izen handiko aurkari baten kontra gainera, Frantziako lehenengo mailan jokatzen duen UJS Toulouse taldea.
Espero zen moduan, defentsa-intentsitateak eta aurkariaren atera iritsi nahiak jarraitzaileak gozarazi zituen norgehiagoka izan zen. Etxekoek defentsa bere atetik urrun kokatuz hasi zen partidua, eta frantziarrak beren defentsa gogorra kantxa erdian jarriz. Lauburu zaparradan atera zen bere aurkezpenean, eta lehenbiziko gol aukerak moratu kolorekoak izan ziren. Eragindako presioaren ondorioz Toulousen baloi-irteeran osteak sortu ziren, baina frantziar atezainaren lan ona medio, jaurtiketak ez zuten zulorik aurkitu atean; arratsaldeko protagonista izan zen. Hala ere, 1-0ekoan ezin izan zuen ezer egin; Javi Saldise eta Beñaten arteko jokaldi on baten ostean, azken honek atezaina gaindituta zegoela sareetara bota zuen baloia. Gol honek presioa askatzea eragin zion aurkariari eta ika-mika fase batean sartuz Toulousek berdinketa egitea lortu zuen Dansokoren bidez; kanpotik egindako jaurtiketa bortitz batekin menderatu zuen Peña. Minutu batzuen ostean markagailua irauli zuten 1-2koarekin, falta batean Govalek zuzenean botatako jaurtiketa baten bidez. Handik lehenengo denboraren amaiera arte moratuek saiatzen jarraitu zuen golik sartu gabe.
Lan handia egin behar zen eta moratuek serio ekin zioten bigarren zatian hasiera-hasieratik. Jokoaren tonika berak jarraitu zuen, bertakoek lauko jokoa defentsa altu batekin txandakatzen zuten frantziarren defentsa gogorra eraitsi nahian. Honela, hainbat gol aukera garbi sortu ziren, baina Toulouseko atezainak irabazi zituen duelu guztiak. Bisitarien jokoa, bestalde, zuzenagoa izan zen, bere jokalari batzuk duten kalitatearen bila, baina azkenean, estrategia jokaldi batean, frantziar defentsa batek sartu zuen bere ate propioan, markagailuan binako berdinketa ezarriz. 10 minutu geratzen ziren amaierarako eta bi taldeak garaipena nahi zuten. Irabazteko grinak defentsak gogortzea ekarri zuen, bi taldeak bosna falta pilatzera iritsi zirelarik. Partidaren azken fasean Alfredo Hualderen mutilek bosteko jokoaren alde egin zuten, baina lehenbiziko bi eraso frantziarrenak izan ziren eta bere kantxatik botata moratuen atean sartzeko zorian egon ziren. Moratuek izan zuten azken aukera bat, norgehiagokaren amaieran jada, baina berriro atezain frantziarrak alderatu zuen baloia, aurkezpen partidua tablatan utziz.
Ibartar jarraitzaileei poztasun handiak emango dizkion lantaldea prestatzen jarraitzeko test bikaina izan zen larunbateko norgehiagoka.
Liga hasierarako falta den astea, prestaketaren astea izango da. Hiru entrenamendu saio izango dituzte eta Donostian Antiguokok antolatuta, Tafatrans, Otxartabe eta Antiguoko taldeekin batera jokatu beharko duten lau angeluko txapelketa. Irailaren 15ean sasoi onenean iristeko eta Ibarran bertan Juventud del Círculo taldearen kontra hiru puntuak lortzeko ahalegin guztiak egingo dituzte,
Gogoratu, bazkide egiteko kanpaina irekita jarraitzen duela. 2018-2019ko denboraldi honetan moratuen partidak ikusi eta taldea animatzeko aukera bikaina izango da: Aukeratu MORE, egin LAUBURU!
GOAZEN LAUBURU K.E. IBARRA!!!!!
NORGEHIAGOKAREN XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Dani García, Andoni Agirrezabala, Javi Saldise eta Beñat Aldalur (1). Aitzol, Zumeta, Kike, Alvaro, Garmen, Andoni Carlosena eta Zuhaitzek ere jokatu zuten.
U.J.S. TOULOUSE: Carlos, Goval, Ahssen, Aberkan eta Dansoko. Romao, Hamcherif (1 pp), Sedira. Correia, LLuis Visa, Abdelhamin eta Da Silvak ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Andoni Agirrezabala (LAUBURU K.E. IBARRA) / Romao (UJS TOULOUSE)
GOLAK
- 1-0 MIN 4 Beñat Aldalur
- 1-1 MIN 8 Dansoko
- 1-2 MIN 13 Goval
- 2-2 MIN 28 Hamcherif (pp)
EPAILEAK
- Kepa Diez España (Gipuzkoako Komitea)
- Daniel Dos Anjos De Celis (Gipuzkoako Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
- Txema Montero Celaya (Gipuzkoako Komitea)