Emakumezkoak Gipuzkoako txapeldunak dira
Egutegian gorriz markatutako eguna zen larunbatekoa. Etxean, Belabietan, Gipuzkoako finala jokatu zuen Lauburuko emakumezkoen taldeak. Txanpona airera botatzean bezala, jakina da bi aldeetako edozein atera daitekeela. Zortea jokoan dagoela. Eta zortea irabazi egiten dela. Jokatzeko eta irabazteko gogoz joan ziren moratuak Belabietara, eta partidak txanponaren bi aurpegiak izan zituen: aldekoak eta kontrakoak. Ezkerreko oinarekin hasi zuten ibartarrak partidua. Hasi eta segundo gutxira, etxekoen huts bati esker, Idiazabalgo neskek aurrea hartu eta 0-1 ezarri baitzuten markagailuan. Baina gol honek barruko urduritasunak orekatu eta bihotzarekin ez baino buruarekin jokatzen hasteko aukera eman zien Lauburukoei. Eta gogotsu hasi ziren, indartsu. Joko honen ondorioz [...]