LAUBURU KE IBARRA – SALA QUINTO LARUNBATA 18:30
Bigarren B Nazionaleko taldea afizioaren aurrean jarriko da larunbatean Belabietan, 18:30etik aurrera. Bertan, 2017-2018 denboraldi berriko lehenbiziko partida jokatuko du, pistan zenbait berrikuntza estreinatzen duen bitartean, argiteria berria adibidez. Udalak instalakuntzaren berrikuntza batzuk egitea onartu du, pixkanaka egingo diren berrikuntzak, hain zuzen eta Klubak asko eskertzen dio erabaki hau hartu izana, ziur gaude ikusleak ere, asko eskertuko dutela.
Sala Quinto izango dugu aurrean, Quinto de Ebroko aragoiar taldea. Aurten, berrikuntza moduan, Julian Pérezek ordezkatuko du aulkian Ricardo Corral, urte luzez taldea prestatzen eta gidatzen ibili den gizona. Lantaldean berriz, azken urteetako blokeak jarraitzen du, kanterakoen aldeko apustua eginez bi jubenil igo dituzte lehenengo taldera. Iazko denboraldian joko-minutu batzuk osatu zituzten gazte berak dira.
Aurredenboraldian hainbat lagunarteko jolastu dituzte, Hijar, Rios Renovables eta Caspe, 3. Kategoriakoen kontra, eta 2. B-ko Colo Colo taldearen aurka. Neurketa hauetan Bigarren B Nazionalean edozein taldearekin aurrez aurre lehiatzeko prest daudela erakutsi dute. Klubak ezarri dituen helburuak ahalik eta azkarren salbatzea eta denboraldi amaierarako erditik gorako postuak lortzea izango da, iaz egin zuten moduan. Pasa den denboraldian 39 puntu eta 9. postua lortu zuten, justu gure taldearen aurretik, aragoiarrek baino puntu bat gutxiagorekin ginelarik.
Gure aldetik berriz, Lauburun astea normaltasunez joan da, Liga hasierak eta lehenengo partida prestatzeak ematen duen ohiko urduritasunarekin. Alfredo Hualde entrenatzailearen hitzetan “gogotsu ari dira gazteak lanean eta lehenbiziko partida ofiziala hurbil dagoela giroan nabaritzen da”. Lesioagatik konbokatorian sartu gabe geratu da Joseba, eta bera izan ezik, lantalde guztia dago erabiltzeko moduan.
Ilusio handiz bizituko dugu liga hasiera liluragarri hau; klubak bere espektatibak areagotu ditu Iraitz, Oihan, Dani eta Igorren etorrerarekin eta aurreko denboralditik jarraitzen duten jokalariek pilatu duten esperientziarekin; taldeak afizioari poz handia emango diola ziur gaude, eta afizioa ere, etxeko partidetan klabea izango da.
Klubeko beste kategoriek aste honetan hasi dituzte beren aurredenboraldiko entrenamendu saioak; Lauburu K.E. Ibarraren azpiegitura, beti bezala oso garrantzitsua da hau honela izan dadin.
Belabietan izango gaituzue, ez ahaztu, LARUNBATA 18:30ean, eta bertan, ohiko zozketak izango dira ikusleentzat (Danon eta Mahalaren produktuak); gainera, oraingo honetan Danon Txokoak bazkide guztientzat eskaini duen afaria ere zozketatuko dugu, ikusleen artean egon edo ez.
Bazkideak lortzeko kanpaina aurrera doa eta gure familiako partaide izan nahi duenak leihatilan ere, izango du aukera, bertan, bazkide egiteko formularioak eta informazio-orriak izango ditugu eskura. Azkenik, gure delegatua den Jose Manuel Tobiasen aita hil berriaren omenez, minutu bateko isilunea burutuko dugu; Klubak besarkada bero bat helarazi nahi dio familia osoari une latz hauetan.
GOAZEN LAUBURUKEIBARRA !!!