Gure lehenengo taldea Calatayudera abiatuko da larunbatean bertako taldearen aurrean neurtzera: Peña La Unión taldea. 2017-18ko denboraldi honetako hirugarren jardunaldia jokatuko dute.
Norgehiagoka gogorra izango da asteburu honetakoa, izan ere, aragoiarrak Elorriokoren kontra kanporako garaipen garrantzitsua lortzetik datoz-eta. Lehenbiziko jardunaldian justu galdu zuten Segorberen aurka, hauek azken minutuetan irabazi zutelarik. Beraz, Areto Futboleko brontze kategoriara igo berriak badira ere, bi jardunaldi hauetan edozein aurkariaren aurka lehiatzeko prestatuta daudela erakutsi dute.
Laubururen aldetik, aste honetako entrenamenduak normal joan dira, baina Segorbetik hiru puntuak ekarri ostean, etxetik kanpora lortutako garaipen horiek uzten duten zapore gozoa gehituta. Larunbateko bidaian ze bide jarraitu jakiteko nahikoa motibazio izan beharko du honek. Moratuen entrenatzailearen hitzetan: “oso pozik gaude Segorben eginiko partidarekin, baina historiara pasa da jada, eta erabateko kontzentrazioa behar dugu Calatayuden maila berean jokatu eta lehiatu ahal izateko, ostantzean, disgustu ederra jasoko dugu”.
Agus Garmendia baja izango da neurketa honetan, Segorben muskulu-haustura pairatu ondoren. Beste lantalde guztia prest da bidaiatzeko.
Neurketa 18:30ean hasiko da Calatayudeko udal kiroldegian eta Ibarrako espedizioa Belabietatik aterako da 13:30ean.
Beti bezala, partida zuzenean jarraitzeko aukera izango duzue Klubaren twitterretik (@LAUBURUKEIBARRA). Ez ahaztu: LARUNBATA 23, 18:30ean.
GOAZEN LAUBURU K.E. IBARRA!!!