Bi taldeak Belabietako kantxan egindako merituen ondorioz, emaitza mardula izan bazen ere, Ibarrak oso partida serioa burutu zuen, honek errodajean moratuek baino justuago iritsi zen talde bati gailentzea ahalbideratu zuelarik. Ibartarren feudoan, sarreren erdia bete zuen afizioak bere taldearen lehenbiziko garaipena ikusteko aukera izan zuen; denboraldi honetan gauza garrantzitsuak egiteko gai izango den taldea. Hobetzeko asko dago eta leundu beharreko xehetasun ugari, baina atzokoan Alfredo Hualderen taldea osatzen duten zumitzak agerian geratu ziren; tekniko moratua, Lauburuko entrenatzaile moduan irabazle-estatistika handitzen jarraitzen du.
Beti nahikoa egin ez den susmoarekin baina lan askoko aurredenboraldia eginda, talde moratua estreinaldian ohikoa den zalantzekin iritsi zen debutera. Aurrean, Sala Quinto Aragoiarrak, kategoria honetan ibilbide egonkorra duen taldea da, baina, azken hilabeteetan antolakuntzari dagozkion hainbat aldaketa jazo dituena, eta horren ondorioz, estabilitate bila jarraitzen du. Hala eta guztiz ere, aragoiarrak izan ziren partida biziago hasi zutenak, Javi Saldiseren eskutik, moratuen hurbilketa batzuen ondoren, Sala Quinto izan zen, Iraitzen atean presentzia handiagoa izan zuena, zeina bizkor eta konfiantzaz ikusten zen bere bigarren debutean.
Alabaina, Lauburu izan zen markagailua astindu zuen lehena. Oihanek atzokoan bi tanto egin zituen eta lehenbizikoa jaurtiketa indartsu baten bidez Alejandroren hanka-tartetik pasa zenean lortu zuen. Bosgarren minutua zen eta Belabietan denboraldiko lehenengo poza ospatu genuen. Hauek izan ziren, zalantzarik gabe, Laubururen minuturik onenak lehenbiziko zatian; taldeak beste birritan izan zuen tantoa egiteko aukera garbia, bata Andoni Carlosenaren jokaldi eder baten ostean Andoni Zumetak egindakoa eta bestea, Beñatek, Zumetak eta Carlosenak egindako konbinaketa bikain bat, Beñatek berak, amaitzen asmatu ez zuenean.
Arrisku hauetatik salbu atera izanak, aragoiarrei hauspoa eman ziela zirudien eta handik aurrera oso lehiakor jokatu zuten partida osoan, etsi gabe. Honela, atsedenaldiaren aurretik markagailua aztoratuko zuela zirudien jokaldia iritsi zen; bisitariek bandako sakea atera eta errebotean, baloia moratuen atean sartuko zela bazirudien ere, Iraitzek, langetaz baliatuz, jaurtiketa geratzea lortu zuen. Lehenbiziko zatiko 20 minutuak ez zuten ezer gehiagorik eskaini.
Atsedenaldia askoz hobeto asentatu zitzaion bisitariari. Laburu ez zen bizi sartu bigarren zatira eta Sala Quinto egin zen baloiaren jabe hasieran. Orduan iritsi zitzaizkion, Julian Perezek entrenatutako taldeari, aukera garbienak; Andoni Carlosenak zutoinean bertan urrundu zuen zeharkako jaurtiketa libre bat lehendabizi eta beste bat, arratsaldeko eta jardunaldiko geldiketa aipagarrienarekin amaitu zenean: kontra batean Sala Quinto moratuen atera iritsi zen, bigarren zutoinerako pasea Hectorrek amaitu, baina Zuhaitzek, puntu asko balio duten geldiketa bikain bat eginez, aragoiarren aldeko tantoa zapuztu zuen. Atezain moratuak bigaren zati bikaina jolastu zuen, lan asko izan bazuen ere, ederki asmatu zuen berean. Belabietako atea betetzeko postu honek berme guztiak dituela erakutsi du denboraldi honetan ere.
Pixkanaka Lauburu bigarren zatiaren hasiera lauso horri buelta ematen hasi zen. Partidaren azken laurdenera indartsuago iritsi izanak, abantaila eskaini zien moratuei. Nahiz eta oraindik leuntzeko asko geratzen den, estreinaldi honetan taldeak erakutsi duen baldintza fisikoa oso baikorra da. Bost asteetan zehar egindako entrenamenduetan irabaziko aparteko energia horrek ahalbidetu zion Ibarrari azken minutuetan markagailua haustea. Lehenbizi Agus izan zen, 31. minutuan, jaurtiketa justu batekin bandako sakea amaitu zuenean; gol bikaina eta Itsasondoko jokalariarentzat merezitako saria, zeina taldean bere lan-kuota zabaltzen doan.
Ondoren Igor Echarriren gola iritsi zen, gol-esparruan estreinatuz debuta egin zuen beste jokalari bat; kontra eraso batean Andoni Carlosenak egindako pase bat amaitu nahian lurrera bota eta sartu zuen. Irurtzuneko jokalariaren debut bikaina izan zen, esfortzuan eskuzabal eta kirol honen ezagutza handia duena. Ia jarraian Andoni Carlosena eta Javi Saldiseren golak iritsi ziren, biak areatik kanpo egindakoak; neurketa erabakita geratu zen handik aurrera, baina Sala Quinto saiatuz jarraitu zuen, bosteko jokoarekin eta guzti. Nekea agerian bazuten ere, egin zuten lan bikainarekin sortu zituzten beste gol-aukera batzuk, baina Zuhaitzek geratzen zituelako edota asmatzen ez zutelako, ez ziren golean amaitu.
Gauzak honela, Oihan izan zen Laubururen azken golaren egilea, ibartarren kontraeraso bat jaurtiketa batekin amaituz eta Alejandroren ateko zutoinaren ondotik sartuz. Ezkarozko mutila, Laubururo momentuko goleatzailea bilakatu zen, Andoni anaiari testigua hartuz eta denboraldi honetan ekarpen handia egingo duen jokalaria dela erakutsiz.
Partidak ez zuen gehiagorako eman. Lauburuk neurketa pozik amaitu zuen, bere aldeko golik jaso gabe; honek erakusten du taldeak amaieraraino mantendu nahi izan zuela kontzentrazioa eta hori oso positiboa da. Aurretik aipatu dugun moduan, azken emaitza ez da ikusitakoarekin oso fidela izan. Taldeak edozein kantxan lehiakorra izatea ahalbidetuko dion puntu asko ikusi zien, baina hobetzeko asko dagoela ere, islatu zen atzoko norgehiagokan. Lan gogorreko aste asko ditugu aurretik; astelehenean entrenamenduekin jarraituko dute eta begiak datorren astean taldeak egin beharko duen bidai luzean jarrita. Datorren larunbatean 17:00etan, Laburuk Viveros Mas de Valero Segorbe taldearen kantxa bisitatuko du; kategorian puntako taldea da eta ziurrenik lantaldea ere indartuko zuen, azken urteetan egin duen moduan. Neurketa gogorra izango da, helburu handiak lortzeko gai den taldea garela erakusteko test ederra.
GOAZEN LAUBURU!!!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Iraitz, Andoni Carlosena (1), Aitzol, Javi Saldise (1) eta Agus (1). Oihan (2), Igor (1), Garmen, Andoni Zumeta, Beñat, Dani, eta Zuhaitzek ere, jokatu zuten.
SALA QUINTO F.S.: Alejandro, Aitor, Pedro, Antonio eta Héctor. Ignacio, Alberto, Hugo eta Jorgek ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Andoni Carlosena (LAUBURU K.E. IBARRA). Aitor (SALA QUINTO)
GOLAK

  • 1-0 MIN 5 Oihan
  • 2-0 MIN 31 Agus
  • 3-0 MIN 32 Igor
  • 4-0 MIN 34 Andoni Carlosena
  • 5-0 MIN 36 Javi Saldise
  • 6-0 MIN 37 Oihan

EPAILEAK

  • Lander, Pérez Recalde (Nafarroako Komitea)
  • Jose Antonio, Pinar Viñas (Nafarroako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

  • Daniel, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

Oharra: Danon Txokoa jatetxeak eskainitako afaria, bazkideen artean zozketatu ondoren, irabazlea Juan Felix Hualde izan zen.