Urriak 12ko ostegun honetan, aurreratu egin den eta seigarren jardunaldiari dagokion norgehiagokan Tafatrans Vulcanizados Ruiz taldeak bisitatuko gaitu Belabietan; kategoria honetan daraman urte eta gutxi honetan hazkunderik handiena izan duen taldea izango da, segur aski.
Burgosen kostatako puntua lortuta, Ibarrari berdinketa hau ontzat hartu eta hiru puntuak ongi lotzea interesatzen zaio ostegunean. Ez da batere erraza izango, Tafak intentsitate handiarekin jokatzen ditu-eta bere partida guztiak; eta kalitate handiko jokalariak ditu lantaldean. Nafar kuadroak aurtengo udan ere, harrobiaren aldeko apustua egiten jarraitu du, lehenengo lantaldean bi jubenil sartuz. Beste aldetik, Daniel Matute jokalaria itzuli da, lesio luze baten ostean eta Domenek Alex ordezkatuko du bigarren atezain moduan; bi hauek taldea asko indartu dute eta hau iazko denboralditik mantendu duten blokeari gehituz gero, edozein aurkariarekin lehiatzeko gai den talde indartsu bat bilakatzen da. Ramon Navarro, Zilarrezko Mailan Lauburu gidatu zuen teknikoaren taldeak, izen handiko aurkarien kontra neurtuz hasi du liga, pilatutako puntu kopuruak zertxobait engainatzen duelarik. Azkeneko jardunaldian Segorberi erraz irabazi zion (10-4) eta honek, seguruenik, osteguneko partidara oso motibatuta iristea eragingo du.
Moratuek aldiz, ohikoa baino aste motzagoan, asteleheneko eta astearteko bi entrenamendu saioekin datoz, eta Iraitz, Agus eta Javi Saldisen azken ordura arteko zalantzarekin. Arra eta Andoni Zumetaren bajak berriz, jada baieztatuta daude. Ez da ezeren aitzakia izango, noski, ibartarrak berriro hirunaka gehitzeko eta sailkapeneko goiko postuetan sartzeko asmo guztiarekin baitatoz neurketara. Alfredo Hualde entrenatzaileak ostegun honetako norgehiagokari buruz honela zioen: “Moratuen afizioari Belabietan futsal arratsalde bikain batekin gozarazteko eta berriro poza handia emateko gogoz heltzen diogu aste atipiko honi. Etxean emaitza onak lortzea oso garrantzitsua da guretzat, kanpoan hirukoak lortzea oso zaila baita. Ligaren hasiera hau oso berdintsua izaten ari da, astero emaitza estuak ikusten ditugu eta ezustekoak ere gertatzen dira, faboritoek etxetik kanpora puntuak galduz.”
Ez dago zalantzarik, ibartarrak, jokatutako azken bost jardunaldietako joko-dinamika onari eusten saiatuko dira eta Belabietan indartsu izaten; honek lehenengo postura iristea ahalbidetuko lioke, taula pixkanaka argitzen doan heinean. Horregatik oso garrantzitsua izango da afizioa bertan egotea eta bere taldea animatzea neurketa garrantzitsu honetan. Belabetara hurbildu eta gozatzeko osagai guztiak izango ditu neurketa honek.
Belabietan ikusiko dugu elkar, beraz: ez ahaztu, OSTEGUNA, URRIAK 12 17:00etan. Bertan egon ezin izango duzuen guztiak, gogoratu, partida klubeko Twitterretik jarraitzeko aukera duzuela: https://twitter.com/lauburukeibarra
GOAZEN LAUBURU!!!
Oharra: partidaren atsedenaldian, Danon Txokoa tabernak eskainita, bi lagunentzako afaria zozketatuko da bazkide guztien artean.