Ibarrak, oraingoan Calatayudeko bisitatik, etxera ekarri zituen berriz hiru puntuak. Espero bezain sufritua eta lehiakorra izan zen partida batean, Alfredo Hualderenak hasieratik lehiakor jokatzen jakin izan zuten, azken segundora arte etsi ez zuen aurkari baten aurrean gailentzeko. Igor Echarrik sartutako hiru golak ziurtatu zuten moratuen garaipena, baina baita modu kolektiboan burututako defentsa-ekarpenak eta Iraitzek bere atean egindako lanak ere. Guzti honek, nahiz eta ez zuen norgehiagoka bikaina burutu, taldeak bere partidak garaipenekin batera kontatzen jarraitzea erraztu zuen.
Neurketaren hasiera ez zen espero bezalakoa izan. Talde aragoiarrak, sutsu borrokatzeaz gain eta ekintza guztiei intentsitate handia emateaz gain, hasieratik erakutsi zuen baloiaren jabetza izateko asmoa eta erasoak irizpidearekin lantzeko nahia. Ondorioz baloiaren jabetza oso banatua egon zen bi taldeen artean. Bertako taldea pista erdian zain eta Lauburu, aukera txikienean ere, bere lerroak igo nahian, arriskua bi areatan zebilen, baina gol aukerak sortu ezinik.
Bi taldeek hurbilketa batzuk burutu ostean, lehenengo zatiaren erdian iritsi zen tanto ibartarra. Bikain exekutatutako bandako sake batean, Igor Echarrik, Javi Saldiseren txut baten bidean gurutzatu eta Ivanen atean sartu zuen. Ekintza zuhurra, bi areatan eskuzabal eta trebe ibili zen Igor batek eginikoa.
Tanto honek ez zuen eskenatokia aldatu. Lauburu baloia ostu nahian eta aurkariaren atearen inguruan bere jokoa lantzeko ariketan jarraitzen zuen, eta bitartean Calatayud-eko taldeak defentsa-intentsitatea mantentzen zuen, arriskuak sortzeko aukera ematen zuten trantsizioaz baliatzen zelarik. Hauetako batean iritsi zen berdinketaren gola. Moratuek bandatik atera ostean, Lauburuk baloiaren zirkulazioan huts egin zuen eta Unión taldeak Hectorek jaurtiketa bortitz baten bidez amaitu zuen kontra azkar bat sortu zuen; Iraitzek ezin izan zuen ezer egin. Gol honek Lauburuk hobetzeko duen aldea ikusarazi zuen, taldeak lehenengo zatia faltarik gabe amaitu zuelako eta bertako taldearen kontraeraso gehiegi onartu zirelako.
Lehenengo zatia antzeko tonikarekin amaitu zen; Lauburuk nagusitasun faltsu bat eragiten, baina eraso-jokoan asmatu ezinik. Atsedenaldiak pazientzia eta argitasuna ekarri zien moratuei eta kantxara lanketan gehiago asmatuz atera ziren. Hala eta guztiz ere, aragoiarren defentsa haustea kostatzen ari zitzaien eta ondorioz, hasiera honetan bere jokoak sortu beharko lituzkeen aukerak sortu gabe.
Honela, Albertok tirata Iraitzen parte hartze bikainaren ostean, Ibarrak hurrengo jokaldian eraso bikain bat landu zuen, baloia Andoni Carlosenarena iritsi eta honek bandatik gertu, boleaz pase eder bat sartu zuen Igor Echarrik bigarren zutoinean errematatzeko. Gol bikain hau nolabaiteko akuilua izan zen Laubururentzat, orduan bizitu baitzituen erasoan momenturik onenak.
Hala ere, izan zituen aukeraz ez baliatu izanak, aurkariari hegalak eskaini zizkion eta berriro partidara sartzea lortu zuen, kastaz eta intentsitatez. Orduan norgehiagokaren norabidea alda zezakeen ekintza bat gertatu zen: moratuek defentsan egindako hutsegite baten ondorioz, Alvaro Iraitzen aurrean bakar-bakarrik geratu eta berdinketaren gola izango zela ematen zuen jaurtiketa bortitz bat egin zuen. Eskerrak, Iraitzen esku salbatzailea agertu zen eta moratuek errenta mantentzea lortu eta partidaren azken unetara markagailuan aurretik egonda pasatzea lortu zuten.
Honela iritsi ginen partidako azken hiru minutuetara, guztia erabakitzeko. Bertako entrenatzaileak guztia ematea erabaki zuen atezain-jokalariarekin. Markagailu estuak ekintza bakoitza tentsio handiarekin bizitzea eragiten zuen, ibartar lantalde gaztearentzat ikasgai bilakatuko dela hau ziur gaude. Denbora poliki zihoan eta Peña La Unión taldeak arrisku egoera garbiak sortzea lortzen ez bazuen ere, baloiaren zirkulazioa arina zen eta honek ibartarren defentsan higadura handia eragiten zuen. 50 segundo falta zirela izan zuten aragoiarrak aukerarik garbiena; pibotari pasatako baloi batek, errebote ugari eginda, bertako jokalari bati bidea eman zion 6 metroetara sobera marka zezan, baina Igor agertu zen, oin-puntakoa sartuz arriskua zapuzteko eta aragoiarren itxaropen guztiak kitatzeko. Akabera, hala ere, hurrengo jokaldian izan zen: Ibarrak, bertakoen bandako sake bat presionatzeko asmoz lerroak igo ostean, moratuek baloia ostu eta berriro Igor izan zen ibartarrei garaipena ziurtatu ziena, 15 segundo falta zirela.
Norgehiagokak ez zuen gehiagorako eman, garaipen gozoa bezain sufritua, ze, distira gutxiagoko partidetan erabakitzen dira epe ertain eta luzerako garaipenak. Kota handiak helburu izateko, eskenatoki guztietan jakin behar da lehiatzen eta astero azala aldatzen jakin. Atzokoan, aurkari on batek ez garaitu ahal izateko, Lauburuk laneko arropa jazten jakin izan zuen; bertako taldea bortitza agertzeaz gain, bere kantxa edozein taldearentzat oso zaila izango dela erakutsi zuen. Berriro zerotik abiatzea dagokigu, partida mundiala izango denari aurre egiteko lan gogorra egin beharko baitugu astean zehar. Lauburuk Zierbena jasoko irailak 30, larunbatean Belabietan. Erronka zaila izango dute Alfredon mutilak, aurkariaren potentziaz jabe dira, baina taldea murgilduta dagoen dinamikak ematen dien ilusioa eta konfiantzarekin hartuko dute. Bi irteera luze egin ostean, taldea Belabietan jokatzeko gogotsu dago ibartar afizioari poz berriak emateko asmoz. Zuen zain egongo gara. GOAZEN LAUBURU!!!!
PARTIDAREN XEHETASUNAK
A.D. PEÑA LA UNION CALATAYUD: Ivan, Cristian, Héctor B. (1), Adrián eta Álvaro. Sergio, Alberto, José L, Adrián A., Héctor eta Joelek ere, jokatu zuten.
LAUBURU K.E. IBARRA: Iraitz, Andoni Agirrezabala, Aitzol, Javi Saldise eta Andoni Carlosena. Oihan, Igor Echarri (3), Dani, Beñat eta Garmenek ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Alberto (A.D. PEÑA LA UNION CALATAYUD).
GOLAK

  • 0-1 MIN 11 Igor Echarri
  • 1-1 MIN 14 Héctor
  • 1-2 MIN 34 Igor Echarri
  • 1-3 MIN 40 Igor Echarri

EPAILEAK

  • Jesús, Iribarren (Nafarroako Komitea)
  • Andoni, Lancha Urtasun Santamaria Luengo (Nafarroako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

  • Raquel, Del Pino (Aragoiko Komitea)