Ibarrak Elorrioko Buskantza bizkaitar taldeari irabazi zion atzo, eta bere hirugarren garaipena jarraian lortu zuen. Emaitzak adierazten duen hainako partidu borobila izan ez bazen ere, Alfredo Hualderen mutilak jo ikusgarria erakutsi zuten, eta honi hazten jarraitzen duen talde honen anbizioa gehituz gero, moratuek goiko postuetara hurbiltzen dituen beste garaipen berri batez gozatzeko aukera bikaina izan zuen afizioak.
Aurkaria multzoko hondarreko taldea zela jakinda ere, ibartarrek bazekiten puntuak lortzea ez zela erraza izango. Eta halaxe izan zen, Elorrioko taldea oso erasokor egon zen, trantsizio ikusgarrien bidez arriskua sortzeko gai norgehiagoka guztian zehar. Nekea gailendu zenean bakarrik lortu zuten etxekoek partida bere aldera ekartzea. Bizkaitarrak kantxa erdian intentsitate handiko defentsa eginez hasi zen norgehiagoka. Lauburu, baloiaren jabetza izanik, nahiko ongi moldatzen zen, baina pilota galtzen zuten une gutxi horietan, Elorriokok arrisku handiko kontrak sortzeko aprobetxatzen zuen. Ibarrak berriz, kanporako jaurtiketen bidez eta baloi geratuarekin eginiko ekintzetan oinarritzen zituen bere erasoak.
Hauetako batean iritsi zen arratsaldeko lehenbiziko tantoa. Aitzolek egindako tiro bat, lehenbizi Iñakik geratu zuen, baina alderatzea Zumetak aprobetxatu eta oin puntarekin emanez estreinatu zuen markagailua. Golak, hala ere, ez zion aurkariari asko eragin eta defentsa-lerroa kantxa erditik aurrera ezarriz intentsitate maila igo zuen. Ekintza honek partida haustea ahalbidetu zuen. Ibarrakoek presioaz libratzen zirenean lortzen zuten Iñakiren atera iristea; bizkaitarrak berriz, osten zuten baloi bakoitzeko geroz eta hurbilketa arriskutsuagoarekin amaitzen zuten Zuhaitzen atean. Eromenezko minutu horietan Lauburuk ez zuen oso ongi jokatu, Elorriokori komeni zitzaion jokora eramanarazi baitzuten, aldarte horretan lehiakor izateko beharrezkoa den intentsitate maila jaitsiz. Zorionez, batzuetan Zuhaitek asmatzen zuelako eta bestetan bisitarien akatsak medio, atsedenaldira 1-0ekoarekin joan ziren.
Etenaldiak ez zuen eskenatokia aldatu, Laubururi asko kosta zitzaion bigarren zati honetan partiduan sartzea eta Elorrioko horretaz baliatu zen Belabietako parrokian hainbat susto eragiteko. Hauetako bat, Elorrioko erasotzaile bat markarik gabe atetik 10 metroetara geratu zenean izan zen, tiroa egin eta Zuhaitzek sekulako geldiketa eginez norgehiagokan estreinatu zenean.
Ibarra, bere erasoa lasaitasun handiagorekin lantzen hasi zenean hasi zen erosoago sentitzen. Nekea bisitariengan eragiten hasi zen bezala, Alfredorenak errazago konbinatzen hasi ziren. Eraso ekintza hauetako hainbatek Andoni Agirrezabala izan zuten protagonista; bere jaurtiketa batek langan jo zuen eta gol-lerroan bertan errebotatu. Hurrengo jokaldiak saria izan zuen, berriro Andoni Agirrezabalak aurkariaren kantxan baloia ostu, Daniri asistentzia eman eta honek bigarren zutoinean sartu zuen.
2-0ekoarekin bizkaitarrak saiatzen jarraitu zuten, golean amaitu zitezkeen hainbat arrisku egoera sortuz. Ez bazen horrela gertatu Iraitzen lanagatik izan zen, atea ongi itxiz ibartarren errenta mantendu baitzuen. Bigarren zatiaren erdialdean handitu zuten errenta berriro Andoni Carlosenaren bidez. Ezkarotzko jokalari nekaezinak aurkariaren area inguruan ostu zuen baloi bat eta errematatzeko egoeran geratu zitzaion; eginiko jaurtiketa bortitzak Anderren atea zulatu zuen langa jo ostean.
Hirugarren tanto honek konfiantza eman zien etxekoei, aurkariari hegalak moztu zizkion modu berean; ez zuten merezi markagailutik hain urrun geratzea. Elorrioko taldeari ibartarren baloi irteeran estutzea kostatzen hasi zitzaion eta hau Anderren atean amaitzen zuten erasoaldietan islatu zen. Oraindik beste bi gol gehiago ospatu beharko ziren; 4-0ekoa Danik egin zuen, bere bigarrena atzokoan. Konbinazio azkar baten ostean iritsi zitzaion baloia Xotako jokalari ohiari eta atezain bisitaria gainditu zuen jaurtiketa indartsu baten bidez. Andoni Agirrezabalak itxi zuen emaitza, ezkerretik eta ezkerrarekin egindako tiro batekin. 5-0ekoa gol bikainarekin sinatu zen eta Alfredo Hualderen taldea jokoaren alde desberdinetan hobetzen ari direla erakusten du honek.
Garaipen honekin Lauburu 20 punturen kuotara iritsi da, estutzen ari den sailkapen batean, izan ere, Aragoiko Sala Quinto taldea da liderra 24 punturekin eta atzetik 21 puntuko berdinketarekin hiru talde baitaude. Ibarrak bosgarren postua betetzen du eta datorren astean postu hori borrokatu beharko du Santurtziko kantxa zailean jokatuko duen beste derbian. Nerbion ibaiaren ezkerraldeko taldeak hainbat jokalari beterano ditu lantaldean, batzuk 2. eta 1go mailan ibilitakoak; gazte asko berriz, Bilbo F.S. talde ohitik datoz. Ezaugarri honek talde ona eta arriskutsua bilakatzen du, sailkapeneko lehenbiziko postuetan dauden taldeen kontra jokatuta lortu dituzten emaitzak ikusi besterik ez dago. Lan asko egitea tokatzen da berriro aste honetan, hitzordura mentalitate egokiarekin iritsi ahal izateko. Ziur gaude halaxe izango dela. GOAZEN LAUBURU!!!!
PARTIDAREN XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Zumeta (1), Aitzol, Andoni Agirrezabala (1) eta Dani (2). Igor Echarri, Beñat, Oihan, Andoni Carlosena (1), Agus, Xabi Arranz eta Iraitzek ere, jokatu zuten.
ELORRIOKO BUSKANTZA F.K.E.: Iñaki, Arkaitz, Yerai, Aitor eta Unai. Gaizka, Josu, Joseba eta Anderek ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Andoni Agirrezabala (LAUBURU K.E. IBARRA). Gaizka (ELORRIOKO BUSKANTZA F.K.E.)
GOLAK

  • 1-0 MIN 4 Zumeta
  • 2-0 MIN 24 Dani
  • 3-0 MIN 30 Andoni Carlosena
  • 4-0 MIN 33 Dani
  • 5-0 MIN 35 Andoni Agirrezabala

EPAILEAK

  • Yassir, Badi-Reghioui (Euskal Komitea, Arabako Territoriala)
  • David, Ocaña Romero (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)

KRONOMETRATZAILEA

  • Dani, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

Oharra: Leaburuko Ostatu jatetxeak eskainitako afariaren zozketan irabazle Irati Aiestaran suertatu zen. Zorionak!!!