Lauburu Mahala Ibarra, jubenilen ohorezko mailak, Bilboko Otxartabe taldearen aurka 3-1 galdu zuen ligako hirugarren jardunaldian. Aitor Arevaloren mutilak, hasieratik bukaeraraino partida kontrolatu bazuten ere, azken metroetan inolaz ere ez asmatzeak, batere merezi gabeko porrota gogorra eta krudela ekartzea eragin zuen.
Ibartarrak oso bizi hasi ziren, jokoan estutzen eta lehenengo txistutik partidaren bila zihoazela erakusten. Hasierako unetan jada, gauzatu ez ziren hiru gol aukera izan zituzten; moratuek aurkariaren defentsa erraz eraisten zuten, baina atearen aurrean hartutako okerreko erabakiak edota egindako jaurtiketa okerrak medio, emaitza geldirik mantentzen zen.
Tokiko taldearen jokoa pibotarekin erasotzean oinarritzen zen eta moratuen defentsari bizkarrez hartzean, baina Arevaloren mutilak baloia intentsitate handiz estutzen zuten bilbotarrak eroso sentitu ez zitezen.
Posizio-erasoan, trantsizioetan eta estrategian hamaika egora garbi izan ondoren, lehenbiziko zatiaren emaitza hutseko berdinketa izan zen.
Atsedenalditik bueltan, ibartarrak baloia estutzen jarraitu zuten pistaren hiru laurdenetan, honela, aurkariaren irteera zailduz; baina bigarren minutuan arriskurik ikusten ez zen bandako sake batean, angelu askorik gabeko ekintza batean tokiko taldeak aurretik jartzea lortu zuen. Hau gutxi ez, eta minutu bat beranduago atezaina eta defentsaren zalantzazko momentu batean berriro sartu zuten, 2-0ekoa eginez.
Ordura arte bost jaurtiketa eginak aurkariaren atera eta markagailua 2-0ean, eraginkortasun altua tokikoentzat. Bigarren golak moratuak jota utziko zituela zirudien, baina taldean ongi konbinatutako ekintza batean, Asier Aierbek aldea murriztea lortu zuen jokatzeko oraindik 15 minutu luze geratzen zirelarik.
Handik aurrera, bisitariek partiduaren kontrola hartu zuten berriro, konbinazio onekin eta jarraian arrisku egoera asko sortuz; bi gol ere egin zituzten, biak desegoki ezeztatuak izan zirenak. Lehenengoan Gurruk eskuarekin sartu zuen ate hutsera, bultzada garbi baten ondorioz lurrera erortzean; bi minutu beranduago, Asier Aierbek bandan 1x1eko ekintza batean, eta bi epaileak baloitik 20 metroetara egonda, baloia ateko marratik atera zela adierazi zuten, baina ez zen osotara atera eta Gurruk amaitu zuen ekintza horrek markagailuan islatu behar zuen.
Bi zoritxar horiek gertatuta ere, Ibarrako taldeak ez zuen etsi eta beste talde-konbinazio on baten ostean, berriro Gurruk ate hutsera bota zuen, baina ulertezina izanda ere, egurrean jo zuen sareetara sartu beharrean. 4:50 minutu falta zirela, bisitariek bosteko jokoa atera zuten eta lehenengo lerroan aurkariaren defentsa higatu ostean baloi onak sartzen zituzten ateko marraren iskinetan, baina konfiantza faltak bigarren zutoinera zein lerro tartera botatzea eragozten zien.
Bi minutu falta zirela aurkariak 3-1eko azken emaitza egin zuen eta honela amaitu zen partidua.
Amaieran, entrenatzaileak honela zioen: “denboraldi osoan egin dugun partidarik osatuena jokatu dugu, hobeak izan gara eta porrota krudela eta bidegabea izan da; bihartik aurrera Sieroren kontra jokatuko dugun partidua prestatzeari ekingo diogu”.
Asteburu honetan denboraldian lehenengo aldiz jokatu dute klubeko zortzi taldeak, eta  emakumezkoak eta azpiko kategoriako klubeko beste taldeak garaipena eskuratu dute, kategoria nazionaleko taldeak bakarrik galdu dutelarik.
 

LAUBURU K.E. IBARRAREN asteburuko emaitza-taula
KATEGORIA PARTIDA EMAITZA
BIGARREN B NAZIONALA AD PINSEQUE
LAUBURU KE IBARRA
2-2
JUBENILEN OHOREZKO MAILA OTXARTABE CD
LAUBURU KE IBARRA MAHALA
3-1
EMAKUMEZKOAK LAUBURU KE IBARRA
TRINTXERPE CD
4-1
1GO TERRITORIALA ALUSTIZA AUTOBUSAK ORIO
LAUBURU KLINIKA ALDAZ
0-2
JUBENIL PROBINTZIALA ARANTZAZUKO AMA IKASTOLA
LAUBURU K.E. IBARRA
2-9
KADETE PROBINTZIALA LAUBURU K.E. IBARRA
INTERNACIONAL INTXAURRONDO
3-2
INFANTILA ZARAUTZ AF
UZTURPE LAUBURU 2004
1-4
UZTURPE LAUBURU 2005
ARIZMENDI ESKORIATZA
17-2