Premia handiena zuenean aurkitu zuen berriro Ibarrak garaipenaren bidea. Partida bikain batean, Alfredo Hualderenak norgehiagokaren hainbat esparruetan ederki moldatu ziren, erasoan bereziki, eta afizioak gozatzeko hainbat konbinazio eskaini zituen. Hobetzeko, atearen aurreko irmotasun falta hori aitatuko genuke, eta ia menperatua zegoen aurkaria berpiztu izana, partidan birritan sartzea lortu zuelarik. Laburbilduz, datozen neurketei begira lanean jarraitzeko bidea leuntzen duen garaipen baltsamikoa izan zen.
Kantxa erditik gora estutzen saiatzen zen aurkariarekin aurkitu zen Lauburu. Hasierako posizio honek ez zituen, hala ere, ustekabean harrapatu moratuak; eroso sentitu ziren baloiarekin eta eraso jokoa antolatzen asmatzen zuten. Honela, lehenengo minutura iritsi aurretik Ibartarrak jada, Aitzol eta Zumetaren bidez, izan zituzten bi gol-aukera garbi.
Partidua aurrera joan ahala, aragoiarren erasoa etxekoek baloia galtzen zutenean egindako kontretara mugatzen zen. Lehenengo zatiaren erdialdera iritsi ziren aurreneko golak; bi minutu baino gutxiagon hiru tanto egin ziren. 1-0ekoa Danik ateratako korner baten ostean etorri zen, atezain bisitaria jo eta sareetara sartu zen. Ia jarraian, Dani berak bandako lerroan gidatutako kontra batean, bigarren zutoinera pase bat egin, Oihanek jasoz 2-0ekoa finkatu zuen.
Errenta honek ez zien asko iraun moratuei, izan ere, minutu berean alboko falta baten ostean, Samuelek tartea murriztea lortu zuen estrategia jokaldi batekin. Baloia Ibarrako defentsaren artetik sartu zen, Zuhaitzen desesperaziorako. Berriro osatzea tokatzen zen eta halaxe egin zuten ibartarrak; minutu batzuetan Laubururen konbinazio-jokoa bisitarien defentsa zonalari nagusitu zitzaion eta hau pibot jokoarekin maneatzen zuten Xabi Arranz trebea kantxan zegoenean. Honela Albertoren atea inguratu zuten. Igor Echarri eta Zumetaren eskutik bi aukera garbi izan zituzten, baina bisitarien atezainaren lan bikaina medio ez zuten golaren bidea aurkitu. Hala ere, 3-1ekoan ezin izan zuen ezer egin: 17. minutua zen eta Zumetak baloi suelto bat hartu zuen 9 metroetara; bolea zail batekin eskuadratik sartutako gol bikaina izan zen. Jokoaren alde guztietan geroz eta pisu handiagoa hartzen ari den jokalari baten gol bikaina.
Une horietan Lauburuk partida kontrolpean zuela zirudien. Baina denbora beteta jada, Las Fuentes taldeak berriro partidan sartuko zituen gola sartu zuten. Moratuek oker kudeatutako eraso bat izan zen 13 segundo besterik falta ez zirela; Samuelek bigarren zutoinean bolea bat hartu eta Luis ukitu ostean ibartarren atean sartu zen.
Gol honek moratuek aktibatu zituen partidaren kontrola hartzeko berriz. Determinazio handiarekin, bigarren zatiaren hasieratik Albertoren atean jazarpena egiten hasi ziren, eta saria Aitzolen eskutik etorri zen, jaurtiketa indartsu batekin aragoiarren atean sartu zuenean. Ibarrak ez zuen erritmoa jaitsi eta aukera gehiago sortu zituen. Honela, berriro Oihan izan zen tantoa egiten, lurretik Igor Echarrik bigarren zutoinera egindako pase bat amaituz. Pase bikaina eta amaiera ezin hobea, Carlosena gazteenak egindakoa.
Amaitzeko 13 minutu falta ziren eta bisitarien entrenatzaileak bosteko jokoa jarri zuen kantxan. Moratuek ustekabean harrapatu zituen hasieran, badira aste batzuk joko hau ez dutela landu eta minutu batzuk pasa ziren beren defentsa egokitzerako. Hala ere, hasierako erasoetatik kalterik gabe atera izanak, ibartarren animoa indartu zuen eta laster hasi ziren baloiak osten aragoiarren zirkulazioan. Hauetako batean Aitzolek ia-ia markatu zuen, baina ate hutsera botatako tiroak zutoina jo zuen. Zuhaitzen lan bikainak lasaitasun handia ematen zuen eta defentsan geroz eta konfiantza handiagorekin jarraitu zuen saiatzen Lauburuk.
Markagailua itxi zuen 6-2ko emaitza Andoni Carlosenak egin zuen. Bere kantxan baloia ostu ostean, Dani eta Andoni aragoiarren areara iritsi ziren; ezkaroztarrak goitik botaz bikain amaitu zuen. Ia azkena izango zela jakitun, afizioak ederki ospatu zuen gola; eta halaxe izan zen, azken minututan Lauburuk defentsa landu zuen larri ez ibiltzeko eta honela amaitu zen partida, Zuhaitzek egindako beste bi partaidetzak bere ateari sarraila jarriz.
Aurreratzen doan Laubururentzat esperotako eta landutako garaipen ona izan zen; aldizkakoa baina ziurra eta eguneroko lanean konfiantzarekin. Bederatzigarren jardunaldiak Kantabriara eramango gaitu eta irteera zail bat izango da. Torrelavega bisitatuko du Lauburuk datorren astean, Gimnástica-Construcciones Cobo taldearen aurka jokatzeko; talde honek kategorian eskarmentu handia duten jokalariak ditu. Erronka gogorra izango da eta Alfredoren mutilak beren bertsio onenarekin jokatu beharko dute hiru puntuak etxera ekartzeko. Ez dago zalantzarik moratuek Kantabriakoak bezalako talde baten aurka jokatzeko gai direla. GOAZEN LAUBURU!!!!
PARTIDAREN XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Carlosena (1), Aitzol (1), Andoni Agirrezabala eta Zumeta (1). Igor Echarri, Beñat, Dani (1), Oihan (2), Agus eta Xabi Arranzek ere, jokatu zuten.
LAS FUENTES NTRA. SEÑORA DEL PORTAL CLUB: Alberto, Ginés, Raúl, Santiago eta Iyan José. Adrián, Luis (1), David, Samuel (1), Carlos eta Guillermok ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Aitzol eta Oihan (LAUBURU K.E. IBARRA). David (LAS FUENTES NTRA. SEÑORA DEL PORTAL CLUB)
GOLAK
- 1-0 MIN 8 Dani
- 2-0 MIN 9 Oihan
- 2-1 MIN 9 Samuel
- 3-1 MIN 17 Zumeta
- 3-2 MIN 20 Luis
- 4-2 MIN 22 Aitzol
- 5-2 MIN 27 Oihan
- 6-2 MIN 35 Andoni Carlosena
EPAILEAK
- Oscar, Crespo Nájera (Errioxar Komitea)
- Enrique, Pérez Echegoien (Errioxar Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
- José María, Montero Celaya (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)
Nota: En el Sorteo de la cena ofrecida por el Restaurante Ostatu Leaburu, el agraciado fue Juanito Garmendia.