Lauburu Mahala Ibarrak 6-1eko porrota mingarria jasan zuen Castroren kontra, honela etxetik kanpora norgehiagokarik irabazi gabe jarraitzen dutelarik. Lehenengo zati ikaragarria jokatu zuten Ibarrako gazteak, baina golei dagokionez, batere zorterik ez zuten izan.
Partidaren hasiera ikusgarria izan zen, irteera elektrikoa egin zuten Aitor Arevaloren mutilak eta Castrokoak erraz gainditu zituzten intentsitatean eta jokoan; lauko sistema, lerroen arteko jokoaren nagusitasuna eta triangulazio ikusgarriak egin zituzten. Sei haina jaurtiketa egin zituzten lehenbiziko lau minutuetan, baina 1XP, 2X1eko ekintza garbiak zein posiziozko eta estrategia erasoak amaitzen ez zuten asmatu. Tokiko taldeak, gainean zuena ikusita eta bisitarien erasoaldia geldiarazteko, hutsartea eskatzea erabaki zuen. Castroko taldea gainditzea zaila egiten da, gorpuzkera handiko jokalariz osatua dago eta tartean talentu handikoak.
Hutsartearen ostean izan zuen Castrok norgehiagokaren lehenbiziko aukera, ofentsiba-trantsizio batean, baina ate hutsera bota eta ez zuten asmatu. Lauburu Mahalak, hala ere, posizio-ekintza bikainak egiten jarraitzen zuen lauko joko elektrikoaren bidez; blokeoak, paraleloak, diagonalak eta pareta bertikalak. Ibartarrak menderatzen zuten orduan norgehiagoka, zortzigarren minutuan oraindik hutseko berdinketan eta afizioa intentsitate maila handiko neurketaz gozatzen. Hamargarren minutuan bertako taldeak aurreratzea lortu zuen hasiera batean arrisku handirik ez zuen ekintza baten bidez. Aldapa gora egin zitzaien ibartarrei, baina jokoaren haria galdu gabe, ekintza onak lotzen jarraitu zuten bai posiziozko jokoan eta baita estrategian ere, baina gola ez zen iristen. Hamabosgarren minutuan, moratuek defentsako akats bat egin eta Castrok estrategia ekintza baten bidez, 2-0ekoa sartu zuen. Emaitza honekin amaitu zen lehenbiziko zatia; nahikoa meritu egiten ari zirela eta markagailuan aurretik joan behar zuten sentsazioarekin joan ziren aldageletara, baina Castrok, oker exekutatutako bi ekintzaz aprobetxatzen jakin izan zuen.
Aldageletatik bueltan, ibartarrak partida erremontatzeko asmoarekin atera ziren; erasoak bi ateetan gertatzen hasi ziren, baina markagailua ez zen mugitzen ibartarrentzat eta aurkariak berriz, bigarren erasoaldian eta kanpoko jaurtiketa baten ostean, arrisku handirik gabe, 3-0ekoa egin zuen. Minutu batzuk beranduago laugarrena, eta honek erabat jota utzi zituen Ibarrako gazteak. Bosteko jokoan saiatu baziren ere, bertako taldeak emaitza 6 arte igo zuen, eta Lauburu Mahalak bat sartzea lortu zuen, Liherren eskutik. 6-1eko emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka.
Neurketaren amaieran, entrenatzaileak honela zion: “Lehenik eta behin, zorionak aurkariari garaipenagatik; partida hau bera denboraldi honetan bizitu dugu jada, taldea maila handian ari da lanean, hazteko asmoarekin egiten dugu lan egunero, baina jokoan hobea izan eta ez bada gauzatzea asmatzen, zapore garratza geratzen da. Lehenbiziko 15 minutu ikusgarriak egin ditugu, erasoan zein defentsan, eta ligako liderra erabat soildu dugu, baina amaitzeko abilezia falta izan zaigu berriro ere. Erasoak amaitzeko ezintasuna daukagu eta ate aurrean ez dugu behar adina fintzen; bi gauza hauek batuz gero, gaur bezala egun ona ez duten, baina lehiatzeko gai diren taldeek partida etxera eramatea gertatu daiteke. Emaitzei begiratuta argi dago ez dela liga hasiera ona izan. Zoritxarrez, jokoak eta emaitzak ez dute bat egiten eta garesti ari gara ordaintzen kategoria honetan”.