Lauburu Ibarra Mahala, Jubenilen Ohorezko maila izango da klubeko azpiko kategoria guztietan atsedena duen talde bakarra asteburu honetan. Multzo bakoitia izaki, egutegian halaxe egokitu zaio nahiz eta ligako jardunaldiak jarraitzen duen.
Azpiko kategorien jardunaldia ostiral iluntzean hasiko da, bai 1go maila probintzialean eta baita emakumezkoan ere. Emakumezkoen taldea berriro sartuko da lehiaketan pasa den asteburuan atsedena egin ostean eta Txubelek entrenatutakoek berriz, Belabietan jokatuko dute “Herrikide” taldearen kontra eskualdeko derbia; 20:45ean izango da norgehiagoka eta jokoan bigarren postua, tolosarrak eta ibartarrak, 3 puntuen aldearekin, bigarren eta hirugarren postua betetzen baitute egun, hurrenez hurren. Ibartarrentzat aukera bikaina izango da tartea leuntzeko, eta Tolosarrak aldiz, Gipuzkoako senior kategoria gorenean toki bat egiten saiatuko dira.
Ordu laurden aurretik, Olatzen neskak “Teep Samaniego Orixe Tolosaldea” taldearen aurka neurtuko dira Tolosako Uzturpe frontoian. Eskoriatzan izandako porrotaren ondoren eta atseden jardunaldia pasata, berriz lehiatzeko eta irabazteko gogotsu daude Lauburuko neskak.
Jubenil eta Kadete probintzialak larunbatean jokatuko dute; lehenbizikoak Donostiako “Internacional Intxaurrondo” jasoko dute Belabietan, 11:30ean. Javi Mugikaren mutilak daramatzaten dinamika oso positiboa da, gehienak lehenbiziko urteko jokalariak dira taldean eta tartean azken urteko kadeteak dituzte; klubean formatzen jarraitzen dute, lan bikaina eginaz eta egungo entrenamentuak Mikel Sanzen laguntzarekin indartuz.
Ordubete lehenago, 10:30ean, kadeteek “Mondrate C.D.” taldea bisitatuko dute; irteera gogorra da Mikel Raposoren gaztetxoentzat, Arrasateko taldeak zenbaki onak pilatu baititu jokatu dituen lau norgehiagoketan, eta bertako kantxa kategoriako zailenetako bat da, bertako taldeak etxean jolasten duenean duen bultzadagatik eta animatzeko duen afizioagatik ere. Ikusiko da, bost garaipen jarraian lortuta liga hasiera bikain honek jarraipena duen edo ez; emaitza edozein dela ere, ona izango da ibartarrentzat, formatzeko eta esperientzia hartzeko balioko dielako.
Azpiko kategorietan partidarik ikusgarrienetako bat Belabietan jokatuko da, Lauburuko bi infantilen arteko derbia, hain zuzen. Uzturpe Lauburu 2005 eta Uzturpe Lauburu 2004 taldeak bata bestearen kontra neurtuko dira, eta bietako inork ligan zehar oraindik galdu ez duenez, gozatzeko norgehiagoka izango da. 10:00etatik aurrera, eta emaitza nolanahikoa izanda ere, azpimarratzekoa izango dena bi taldeen kiroltasuna da.
Zorte on talde guztiei, eta jardunaldia amaitzeko, larunbat arratsaldean Bigarren B Nazionalak Belabietan jokatuko duen norgehiagoka ikustea baino hoberik ez. Lehenengo taldeak pasa den asteburuko garaipena berretsi beharko du Elorrioko K.E. taldearen aurrean hiru puntuak eskuratuta. Elorrioko talde bizkaitarra igo berria da kategoriara eta aurredenboraldian susto dezentea eman zigun norgehiagoka irabaziz. Taularen goiko postuak eskuratu ahal izateko aukera bikaina; urrezko puntuak daude jokoan.
GoazenLauburuKEIbarra!!!