Espero zen adinako neurketa lehiakor eta tenkatu batean Ibarrari porrot mingarria jasatea egokitu zitzaion; sinestetik utzi ez zuen eta saririk gabe geratu zen talde batek egindako esfortzu izugarriarekin esker txarreko emaitza. Jakina da, era honetako neurketak ñabarduren bidez erabakitzen direla, baina lehiatzeko kategoriak eskatzen duen maila goren hori erakutsi behar da. Horretan ez zuten huts egin moratuek eta porrot honek Lauburu multzoko aurkari guztiekin mailaz jokatzeko gai denaren zaporea uzten du.
Norgehiagokaren laburpena egitea zaila da. Bi taldeak erabateko elkar ezagutza dutela erakutsi zuten, aurkariari elaborazio arloan zirikatzeraino. Partida segituan jarri zen bisitariaren alde; Efrenek 0-1ekoa egin zuen 15 segundora, berari egindako falta baten ondorengo estrategia jokaldi batekin. Eskenatoki aldaketa honek Alfredo Hualden mutilak apur bat geldiarazi zituen eta kolpea gainditzen kosta egin zitzaien. Sufritzea tokatu zen orduan, eta borrokatzea, partidan zehar hazten joateko. Hor egon zen Iraitz, neurketa guztian bikain, merituzko geldiketa asko eginez taldeari eusten; hauetako bat Iker Díezek area kanpotik bota zuen tiroa gelditzeko.
Lauburu berrosatzen joan zen eta lehenbiziko zatiaren erdira iristerako Falaganen atean inguruan zebilen jada. Hainbat jaurtiketek atezain bisitaria jo zuten, partidan tentsioa handitzen zihoan bitartean, kantxan gertatu ziren eta bi taldeen irabazi nahiak eragindako hainbat haserrealdien ondorioz. Ibarrak bost faltak azkar pilatu zituen, batzuk oso eztabaidagarriak izan baziren ere; hala ere, taldeak lortu zuen intentsitatez jokatzen jarraitzea seigarren falta egin gabe.
Saria atsedenaldia hurbil zegoela iritsi zen. Zumeta izan zen, partida bikaina eginez, Belabietako harmailetara poza eraman zuena. Pistaren hiru laurdenetan ateratako bandako sake batean, baloia jaso eta 12 metroetatik, tiro bikain batekin Zierbanako atea zulatu zuen eskuadratik sartuta. Bi minutu baino gehixeago geratzen ziren eta Lauburuk gehiago nahi zuen. Berdinketarekin nahikoa ez eta moratuek azken zati horretan guztia eman zuten markagailuan aurretik jartzeko. Hainbat trantsizioetan gerta zitekeen baina azken unean ez zuten asmatzen. Lehenbiziko 20 minutuen amaiera heldu zen eta Lauburu partida aurrea ateratzeko gai zela pentsatuz joan zen aldageletara.
Bigarren zatian ikusi ziren Laubururen minuturik onenak. Etxekoek azkar hartu zioten pultsua zati honi eta horren erakusle moratuek sortutako hainbat aukera garbi izan ziren, nahiz eta ezin izan zuten markatu. Garmen, Oihan eta Javi Saldise bera Falaganen aurrera iristea lortu bai, baina eskenatokia aldatuko zuen gola gauzatzea ez zuten lortu. Aurpegiratzekorik ezer ez, taldeak berrosatu eta lanean jarraitzen jakin baitzuen. Bisitarien kuadroak bere bosgarren falta egin zuen bigarren zati honen bosgarren minutuan, partida Zierbenaren kantxan jokatzen ari zenaren isla. Alabaina, hurrengo 15 minutuetan ez zuten falta gehiagorik egin eta azken zati hau, bi taldeak bosna falta zituztela amaitu zen.
Zierbenako taldea eskarmentu eta sinesgarritasun handikoa da eta bere eraso jokoa bigarren zatiaren seigarren minututik aurrera josi zuen. Iraitz handiarengatik izan ez balitz, moratuei disgustua sortzeko moduko tiroetan amaitutako konbinazio batzuk egin zituzten. Hala ere, Iñigo Valenciak bandako sake bat bigarren zutoinera tira eta Jorge Arenalek defentsako desoreka aprobetxatuz 1-2koa egin zuenean ezer gutxi egin zezakeen oiartzuar atezainak.
Hala eta guztiz ere, Lauburu berriro altxa zen. Erremontatzeko gai zela sinetsi zuen eta laster jarri zuen hesia Falaganen ate inguruan. Honela, 1-2kotik minutu eta erdira, Zumetak berdinketa lortu zuen, norgehiagokaren 29. minutuan; Andoni Agirrezabala eta Aitzolek gidatutako trantsizio baten ostean Danik fondoko lerrotik bidalitako pase bikain bat bigarren zutoinean jasoaz egin zuen. Hitzordu handietan bezala dardaratu zuen Belabietak. Denboraldiko lehenbiziko neurketa garrantzitsura afizioaren zati handi bat etorri izana eskertu nahi izan zuen taldeak garaipenaren bila joanez.
Azken 10 minutuak denetatik eman zuten. Tentsioa, bi aldeentzako gol aukerak, gehiagora joan ez ziren haserreak, urratuak eta garaipena bi aldeetako edozeinetara iritsi zatekeen sentsazioa. Logikoa den bezala, partidaren fase honetan asmatu ezinak asko izan ziren eta lantalde gaztea urduritasunak jota zirudien. Bisitariak berriz, honelako neurketetan askoz eskarmentu handiagoarekin, fase hau hobeto irakurtzen asmatu zuten eta 37. minutuan, Alfredok garaipenera joateko, jada atezain-jokalaria prest zuenean, berriro kolpatzeko aprobetxatu. Bisitarien hirugarren tanto hau, Josek, Garmen ukituz eta Iraitz ustekabean harrapatuz egindako tiro baten ondorioz etorri zen. Zoritxar gehiegi Lauburu umil eta borrokalariarentzat.
Alfredorenak bosteko jokoarekin erasoan ari zirela galdu zuten norgehiagoka. Hainbat aukera izan zuten, bi oso garbiak, baina galtzen ziren jaurtiketetan amaitzen ziren edota atezain bizkaitarrak asmatzen zuen. Ibarrak berdinketa lortzeko egin ahalak egin zituen, baina egindako esfortzuak nekea eragin zien eta hankak eta bihotzak ez zuten bat egiten.
Honela amaitu zen partida, ibartarren afizioa bere taldeari eskainitakoa eskertzen eta atzokoa bide luze bat irekitzeko balio duen partida horietako bat izan zela onartuta, atzokoan galdu izanda ere. Agian hor aurkitu beharko dugu Ibarraren bertutea. Taldea jota utzi zuen emaitzak eta egindako esfortzuaren aitorpenean kontsolamendua aurkitu ezinik. Hau hala ere, hazteko garaia eta gehiagorako nahia izan behar duela ulertu duen bloke baten buruzaletasun eta anbizioaren isla da. Altxatzeko aukera berriro astelehenean izango da, taldeak datorren asteburuko irteera zaila prestatzen hasi beharko baitu. Datorren larunbatean Lauburuk Burgosko BigMat Fontecha Juventud taldea bisitatuko du, denboraldi honetan asko indartu den taldea, hain zuzen, eta nahiz eta bere lehenengo hiru puntuak jardunaldi honetan lortu dituen, aurredenboraldian erakutsi zuen talde indartsua eta landua dela. Moratuek erronka hau gehitzen jarraitzeko gogotsu hartuko dutela zalantzarik ez dago. GOAZEN LAUBURU!!!!
PARTIDAREN XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Iraitz, Andoni Carlosena, Andoni Agirrezabala, Javi Saldise y Garmen. Aitzol, Dani, Oihan, Andoni Zumeta (2), Beñat eta Xabi Arranzek ere, jokatu zuten.
ZIERBENA F.S.: Falagan, Abel, Efren (1), Iker eta Christian. Jorge (1), José (1), Miguel, Jon, Iñigo Valencia eta Sergiok ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Aitzol, Oihan, Andoni Carlosena eta Beñat (LAUBURU K.E. IBARRA). Abel, Sergio eta Jon (ZIERBENA F.S.)
GOLAK

  • 0-1 MIN 1 Efren
  • 1-1 MIN 18 Zumeta
  • 1-2 MIN 27 Jorge
  • 2-2 MIN 29 Zumeta
  • 2-3 MIN 37 José

EPAILEAK

  • Yassir, Badi-Reghioui (Euskal Komitea, Arabako Territoriala)
  • Eder, Gómez de Salazar (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)

KRONOMETRATZAILEA

  • José María, Montero Celaya (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

Oharra: Leaburuko Ostatu jatetxeak eskainitako afariaren zozketan irabazle Iratxe Amenabarro izan zen. Zorionak!