Azkenean iritsi da, Belabietatik kanpo Lauburuk hainbeste desio zuen garaipen hori, askotan merezi izan eta iristen ez zena eta klubaren apustua aurrera egitea dela garbi uzten duena. Bi jardunaldi besterik ez dira jokatu eta ez da agian euforiak eta usteak zabaltzeko unea, baina egia dena da, Ibarrak atzokoan lortutako garaipena aurreko denboraldi guztian inork lortu ez duen garaipena izan zela.
Alfredo Hualderen mutilak zeozer handia egiteko ilusioarekin agertu ziren Segorben, baina kategoriako talderik onenetako bat izanik, titulua irabazteko hautagaietako bat denaren kontra jokatzeak ematen duen errespetuarekin ere bai. Ilusioak, lanak eta atzo tokatzen zela sinisteak irabazi zuen. Segorben irabazteak Areto Futboleko amateurismoaren eliteari “hemen gaude” adieraztea esan nahi du, eta horrelaxe egin zuen Lauburuk.
Norgehiagoka espero bezala joan zen. Ibartarrak pista erdian beren defentsa-intentsitateaz baliatzen hasi ziren, kontraerasoetan arriskuak sortzeko. Ibarra, pasa den astean ez bezala, segituan konektatu zen partidara, hainbat arrisku egoera sortu zituelarik aurreneko minutuetatik, lehenbizi Zumetak eta Javi Saldisek ondoren, markagailua estreinatzeko aukerak amaitzen asmatu ez zutenean. Bertakoek, pixkanaka biziagotzen joan ziren, baina Zuhaitzen atean arrisku handirik sortu gabe. Lauburuk ireki zuen markagailua, Beñatek jaurtiketa bikain bat medio amaitu zuen kontra batean, Andoni Carlosenak alderatzea jaso eta 0-1ekoa ezarri zuenean.
Golaren ostean partidak ez zuen tonikaz aldatu eta Ibarrak atzokoan erakutsi zuen martxa berarekini jarraitu zuen. Honela, defentsa-eremuan baloi oste baten ondoren, Oihan Carlosena Daviden aurrean jarri eta jaurtiketa bortitz batekin gainditu zuen. Bigarren gol honek bertako taldean zalantzak sortu zituen eta lehenbiziko zatia amaitzeko geratzen zen denboran ez zituen gainditzea lortu. Hala ere, Castellóko talde honen kalitate indibidualak arrisku egoera bat edo beste sortzeko aukera eman zion, guztiak Zuhaitzek bikain ebatzi zituelarik.
Bigarren zatian, bertako taldea bere lerroak igotzen saiatu zen moratuen baloiaren irteera eragozteko, eta lehenbiziko minutuak estu joan ziren Laubururentzat; Segorbek, afizioak berotuta, asko estutzen zuen. Alfredoren mutilak lasaitasuna mantentzea lortu zuten, tokatzen zenean sufritzea ere bai, eta aukera izan zutenean jotzea. Honela, Dani Garciaren ekintza eder batean, baloia ostu, Andoni Carlosenari goitik pasa eta honek, 0-3koa egin zuen. Segorbekoek, etxean jokatzen dutenean horrelako partidak erremontatzen oso ohituak daudenez, hirugarren tanto honek alarma guztiak piztu zituen taldean eta Laubururen sendotasunak ustekabean harrapatu zituen. Partida Ibarraren alde erabakita geratu zitekeen lehenago, baina Garmenek Andoni Agirrezabalaren pase bikain bat bigarren zutoinera bota eta 0-4koa egin zuen arte ez zen gertatu.
10 minutu faltan eta bertako taldeak hutsartea eskatu zuen, falta zen denboran bosteko jokoarekin erasotu ahal izateko. Kanpora egindako hainbat jaurtiketa ondoren, haietako batean Segorbekoek Salvaren bidez, aldea txikitzea lortu zuten. Gol honekin etxekoek piztu egin ziren eta aukera garbi batzuk sortzea lortu zuten; Zuhaitzek asmatu izan ez balu, norgehiagokak beste norabide bat hartuko zuen. Zorionez, atzokoan Lauburuk garaipena ondoan izan zuen une oro, galtzeko arriskurik gabe.
Honela, jazarpen une batzuen ostean, Andoni Carlosenak defentsan baloi bat ostu eta Castellóko taldearen atera zuzendu zen ate hutsean markatzeko asmoz; bidean defentsa batek heldu zion eta ondorioz, jokalari hori kanporatua izan zen. Bi minutuetan beraz, Lauburuk jokalari gehiagorekin jokatu zuen eta nagusitasun honetan 1-5ekoa egin zuen. Andoni Carlosenak triangulazio bat amaituz Hat-Trick bat osatu zuen, goleatzaileen sailkapenean bere anaiaren postura iritsiz.
Bosgarren gol honek etsipenean murgildu zuen Segorbeko taldea eta atezain-jokalaria kendu zuen. Hala ere, Ibarrak intentsitate berarekin amaitu nahi izan zuen norgehiagoka eta seigarren eta azken gola sartu zuen. Javi Saldisek egin zuen, jokoaren esparru guztietan egindako partida bikainaren sari justua izan zuen.
Honela amaitu zen neurketa, ongi egindako lanak ematen duen pozarekin. Hiru hitz hauek laburtzen duten ongi garaipena hau hartzeko era; Segorbe bezalako kantxa batean irabazteak ematen duen harrotasunarekin, baina lanean jarraitu behar dela jakinda, bestela sari honek bere balioa galduko duen ziurtasunarekin. Taldeak bigarren jardunaldi hau sei puntu lortuz amaitzen du, baina honek astelehenean lanera ilusio gehiagorekin iristeko balio behar du. Ukabilak estutu, euforia alde batera utzi eta datorren asteko neurketan zentratzea tokatzen da. Lauburuk berriro etxetik kanpora jokatuko du, hirugarren jardunaldian bidai luzea egin beharko du berriro, oraingoan Catalayudera, A.D. Peña la Union taldearen aurka jokatzera. Laubururen kontra talde honek garaipenen markagailua estreinatu nahiko du, beraz, gogor egin beharko dugu lan, partidara baldintza onenetan iritsi ahal izateko.
GOAZEN LAUBURU!!!!
PARTIDAREN XEHETASUNAK
SEGORBE MAS DE VALERO C.D. F.S.: David, Jacobo, Pedro, Luis eta Daniel. Salva (1), José, Enrique, Nicolas eta Daniel Braianek ere, jokatu zuten.
LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Zumeta, Aitzol, Javi Saldise (1) eta Andoni Carlosena (3). Oihan (1), Andoni Agirrezabala, Dani, Garmen (1) eta Beñatek ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Jacobo, Salva eta Daniel (SEGORBE MAS DE VALERO C.D. F.S) / Aitzol (LAUBURU K.E. IBARRA).
KANPORATZEAK: Salva (SEGORBE MAS DE VALERO C.D. F.S).
GOLAK

  • 0-1 MIN 9 Andoni Carlosena
  • 0-2 MIN 11 Oihan
  • 0-3 MIN 26 Andoni Carlosena
  • 0-4 MIN 30 Garmen
  • 1-4 MIN 32 Salva
  • 1-5 MIN 25 Andoni Carlosena
  • 1-6 MIN 38 Javi Saldise

EPAILEAK

  • Samuel, Casarón Río (Valentziako Komitea)
  • Cristian, Rog Miralles (Valentziako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

  • Albert, Mir Casaron (Valentziako Komitea)