Larunbatean 2.B mailako euskal derbiaz gozatzeko parada izango dugu berriro Belabietan. Aurtengo bigarrena izango da eta oraingoan moratuen lehenengo taldea Elorrioko Buskantza talde bizkaitarraren kontra neurtuko da.
Elorrioko taldea iaz igo zen kategoria honetara, Bilbok uko eginda gero. Talde porrokatua da eta bertako zein inguruko jokalari beteranoak ditu. Egun, Nalda eta San Juan taldeen kontra egindako berdinketarekin lortutako bi punturekin, sailkapeneko azkeneko postuan dago. Argi dago hala ere, partida bakoitza kategoria zorrotz honetara lotzeko aukera berri bat dela, eta bizkaitarrak dena emango dute Ibarrako kantxan helburu hau lortu ahal izateko.
Lauburuk aldiz, dinamika erabat bestelakoa du. Azkeneko jardunaldian Kantabriako Construcciones Cobo talde indartsua menperatu zuen bere etxean eta sailkapeneko lehenengo postuetan jarraitzen du. Seigarren postuan dago, hain zuzen, 17 punturekin.
Hau guztiarekin garbi geratzen dena da, bi taldeak helburu oso desberdinekin aterako direla kantxara, baina irabazteko grina berberarekin. Honek oso ikusgarria egingo du norgehiagoka, afizioak galdu behar ez luken horietako bat izango da.
Alfredo Hualdek larunbatekoari buruz hauxe zioen: “Pozik gaude aste honetako entrenamenduetan jokalariek egindako lanarekin. Bigarren aldia da Elorriokoren kontra jokatuko dugula aurten, aurredenboraldian jokatu genuen eta irabazi egin ziguten. Hau jakinda, larunbatean, azkeneko neurketetako lan-ildoarekin jarraitu behar dugu eta lehiakortasun berarekin; honela bakarrik lortuko dugu hiru puntuak etxean geratzea”.
Norgehiagoka honetan ez dira izango Garmen eta Javi Saldise, beren lesioetatik osatzen jarraitzen dutelako.
Belabietan ikusiko dugu elkar: ez ahaztu, LARUNBATA, AZAROAK 11, 18:30ean. Harmailetatik ez bada, norgehiagoka klubeko Twitterren bidez jarraitzea izan daiteke beste aukera: @LAUBURUKEIBARRA
GOAZEN LAUBURU!!!
Oharra: partiduaren atsedenaldian klubeko bazkide guztien artean bi lagunentzako afari baten zozketa egingo da. Afaria Leaburuko Ostatu jatetxeak eskaintzen du.