Laubururen lehenengo taldea Castellóko probintziara abiatuko da, denboraldiko lekualdaketarik luzeena izango den honetan, “Viveros mas de valero” taldearen aurka jokatzera. Larunbatean 17:00etan izango da partida Segorbeko Udal Kiroldegian.
Ligako lehenbiziko jardunaldia etxean jokatu eta garaipen mardula lortu ostean, Alfredo Hualderen mutilak ilusio handiarekin burutu dituzte entrenamendu saioak, hurrengo norgehiagoka sailkapeneko goiko postuetan ibiliko den talde baten kontra jokatu beharko dutela jakinda.
Segorbeko taldeak oso lantalde lehiakorra du, etxeko jokalariekin eta eskarmentu handiko jokalariekin osatutakoa, horietatik askok Lehenengo Mailan jolastu izan dutelarik. Jada hiru denboraldi dira igo zenetik, eta geroztik sailkapenean hobetzen joan da, iaz 59 punturekin laugarren postua lortu arte. Puntu kopuru hauek taldeak duen afizioari esker ere badira, larunbatero, harmailak betetzeko gai eta taldea airean eramaten duena, hain zuzen.
Guretzat astea normaltasunez joan da, datorren norgehiagokak duen zailtasuna ezagututa, partida mimo handiarekin prestatzen jardun dugu. Neurketa honetan entrenatzaileak ez ditu Iraitz eta Igor eskura izango, lana eta bidaia ezin izan dituztelako uztartu.
Ibarrako espedizioa Belabieta kiroldegitik aterako da larunbat goizean, 7:30ean.
Azpiko beste kategoria guztiak beren entrenamendu saioekin jarraitzen dute; aipagai Jubenilen Ohorezko Mailak jokatuko dituen lagunartekoak: lehenbizikoa ostiralen Ibarran, 20:30ean Lasarteko Ventanas Isu taldearen kontra, eta bigarrena larunbatean 17:00etan Gasteizen. Bertan, hiruren arteko torneo bat jokatuko dute, Eskoriatza, kategoria bereko taldearekin eta anfitrioia, Salburua Futsal Club taldearekin batera. Salburuako gizarte etxean izango da.