Iazko zenbakien bueltan marraztu dute emakumezko seniorren denboraldia:  zazpi talde eta hiru buelta. Atzo, ostiralarekin hasi zen zenbakien dantza eta Lauburukoek lehen hiru puntuak lortu zituzten Trintxerperen aurka 4-1 irabazita.
Belabietako harmailetan ere iazko argazki berbera atera zezaketen neskek, ohiko zale kopurua bildu baitzen. Gutxi, baina gertukoak.
Partidua hasiera-hasieratik kontrolpean izan zuten etxekoek. Trintxerpekoen presiotik irteteko ibartarrak bizi mugitu ziren. Espazio hutsak bilatu zituzten eta mugimenduetan asmatu zutenez, baloia azkar ateratzen zuten erasoan. Gol aukera ugari izan zituzten eta horietako hiruk atea ikusi zuten. Bi estrategia jokaldietan sartutakoak izan ziren.
Lehen zatia bukatzear zela, talka egin zuten bi jokalarik eta Trintxerpekoak izandako erorketa txarra medio, partidua gelditu behar izan zen. Erietxera eraman zuten jokalaria, baina antza, zorionez, ez du ezer larririk. Lauburuko taldeak babes osoa eta errekuperazio azkarra opa nahi dizkio jokalariari.
Bigarren zatian lehenengoaren traza bera izan zuen eta zenbakien balantzan ere eragina izan zuen horrek. Etxekoek laugarrena sartu zuten. Partidaren azken txanpan Trintxerpekoek gola sartu zuten, aldea gutxituz. 4-1 emaitzarekin bukatu zen partidua.
Denboraldi hasiera ezin hobea izan du Lauburuk hiru puntuak lortuta. Zenbaki polita etxeko taldearentzat, baina ia datorren urtean denboraldi hasiera beste zenbaki batzuekin marraztu daitekeen, jolastuko luketen emakumeak egon badaude eta. Eta eskatzen hasita, ea Belabietako harmailak gertukoez bada ere, erdi betetzen diren.