Larunbatean Zierbena indartsuak bisitatuko du Belabieta, urtero ligako titulua eskuratzeko lehian amaitzen duen taldeetako bat.
Norgehiagoka berezia izango da gure mutilentzat, alde batetik derbia delako eta bestetik, inoiz ez direlako Zierbenaren kontra neurtu sailkapenean bere gainetik egonda. Jokatutako hiru partidetan hiru garaipen lortu ostean, ibartarrak derbia gozatu eta lehiatu ahal izango dira, kanpainaren hasiera honetako bolada onarekin jarraitzeko. Alfredo Hualde, Ibarrako entrenatzaileak honela dio: “dinamika on batean gaude eta emaitzak orain arte entrenamenduetako lana indartzen laguntzen digute. Larunbateko neurketa non kokatuko garen jakiteko neurgailu bikaina izango da, hau da, puntako taldeekin edo atzekoekin”.
Moratuentzako alde ezkorra, Agus eta Igorren bajak izango lirateke, lehenengoa lesioagatik eta bigarrena lan-arazoengatik. Eta azken ordura arte zalantzazkoak izango dira Zuhaitz eta Aitzol, biek duten zerbikaletako lesioa dela eta.
Hiru jardunaldi besterik ez badira jokatu ere, garbi dago Zierbena aurten ere, denboraldiko onenetako bat izango dela; lehenbiziko jardunaldian 3-1 irabazi zion Colo-Colo taldeari, multzoko egungo txapeldunari. Ondoren, Quinton irabazi zuen eta pasa den asteko jardunaldian, Segorberen aurka berdinketan amaitu zuen, etxean bertan. Esan behar da, hala ere, Zierbena astean zehar, Burelaren kontra Errege Kopa jokatzetik zetorrela, Lehenengo Mailara igo berria den taldea eta penaltietara iritsi behar izan zutela Zierbena txapelketatik baztertu ahal izateko.
Gauzak honela, larunbateko partida euskal futsal onenaren ikuskizun paregabea izateko osagaiak prest dira. Klubak moratuen afizio guztiari dei egiten dio Belabietara etortzea taldea animatzera, eta bide batez, norgehiagoka zirraragarri honekin gozatzera.
Eta hau gutxi balitz, afizioari jakinarazi nahi diogu, partidaren atsedenaldian, Areto Futboleko Euskal Komiteko presidentea den Patrik Allende jaunak, Ohorezko Mailan 2016-2017 denboraldiko txapelduna izateagatik Lauburuko jubenil taldeari txapeldunaren kopa emango diola.
Belabietan espero zaituztegu: ez ahaztu, LARUNBATA, IRAILAK 30ean, 18:30ean.
GOAZEN LAUBURU!!!
Oharra: Atsedenaldian Leaburuko Ostatuk eskainitako bi lagunentzako afari bat zozketatuko da klubeko bazkide guztien artean, bertan egon edo ez.