Bere ligako lehenbiziko partidarako astebete geratzen denean, Lauburu Mahala Ibarrak prestaketan jarraitzen du. Aitor Arevaloren mutilak jokoaren alde guztiak leuntzen dihardute, lehenbiziko partida horretara ahalik eta baldintza onenetan iritsi ahal izateko. Irurtzungo Xota taldearen aurka jokatu beharko dute.
Moratuek talde filialaren aurka bi partida jokatu dituzte aste honetan, eta lehenengoan gazteenak 4-0 galdu bazuten ere, bigarrenean 5-3 gailendu ziren.
Entrenatzaileak honelako irakurketa egiten zuen mutilen eboluzioa dela eta: “Orokorrean, txukun ari gara lanean, egia da, erasotzeko garaian, batzuetan, azken metroetan trabatzen garela eta erabaki onenak ez hartzeagatik baloi hutsalak galdu eta golak kostatzen zaizkigu. Zentzu horretan dezente lan egin beharko dugu oraindik. Defentsa arloan, geroz eta hobeto gaude; lantzeko eta hobetzeko asko dugu oraindik, baina lantalde honen joera jardunaldiz jardunaldi mailaz igotzea izan behar du”.
Gaur ostirala izanik, ibartarrak lagunarteko bat jokatuko dute Hirugarren Maila Nazionalean jokatzen duen Lasarteko Ostadar taldearen kontra. Eskarmentua hartzeko eta akatsak zuzendu eta gauza onak indartzeko balioko duen beste test bikaina izango da.
Larunbat arratsaldean, Bigarren B Nazionalak Zierbenaren kontra jokatuko duen partidaren atsedenaldian, Areto Futboleko Euskal Komiteko presidentea denak, iazko denboraldiko Ohorezko Mailaren ligako txapeldunen garaikurra emango dio jubenil taldeari.
Arratsalde zirraragarria izango da Belabietan; lehenengo taldeak taularen goiko aldean egonik, huts egiten ez duen taldearen kontra jokatuko duen derbia, eta tartean, klubeko gazte oparoei iazko denboraldi bikaina burutzeagatik merezitako garaikurra emango zaie.