Lauburu Mahala Ibarrak 5-2 irabazi zion Asturiasko Siero taldeari pasa den larunbatean Belabietan jokatu zen norgehiagokan. Merezi gabeko porrota jasan ostean, moratuek, beroketan bertan konplikazioak sortu ziren partida bat aurrera ateratzea lortu zuten (Asier Colasek, baloiarekin borrokan zebilela, kolpe bat jaso eta partidatik kanpo geratu behar izan zuen).
Ezin hobeto hasi zen neurketa Aitor Arevaloren mutilentzat, baloia abiaduraz eta kriterioarekin mugitzen zuten Asturiaskoen defentsaren aurrean. Laugarren minutuan talde guztiaren artean burututako konbinazio eder batekin Aitor Sanchezek etxekoentzat lehenengo gola izango zena sartu zuen. Bisitariek pibotean baloiak sartuz oinarritu zuten beren jokoa, moratuen defentsari bizkarrez irabaziz eta posizio eta estrategia erasoen bidez urruneko jaurtiketak bilatuz, baina Eñaut seguru batek iristen ziren guztiak aldentzen zituen.
Ibartarrak, beste behin, defentsa lerroak erraz gainditzen zituzten, baina azken metroetan trabatu eta ez zuten aukera garbirik sortzea lortzen. Amaitzeko zazpi minutu falta zirela, Asier Aierberen bandako 1x1eko ekintza batean bisitari batek bere atean sartu zuen markagailua 2-0era igoaz. Norgehiagoka etxekoen aldera zuzendua zegoela zirudien, baina ibartarrak ez daude ezer oparitzeko, eta bi minutu falta zirela, defentsako akats baten ondorioz Asturiasko taldeak tartea murriztu zuen. Arevaloren haserrea nabaria zen, moratuek markaketan egindako hutsegitearen ondorioz aurkaria, beste behin ere, nola aprobetxatu zen ikusita. Markagailuan emaitza horrekin amaituko zela zirudien, baina hasiera baten arrisku handirik gabeko sake luze baten, eta Asturiaskoen hutsegite baten ostean, Asier Aierbek, buruz, 3-1ekoa egin zuen, Ibarrako parrokiara lasaitasuna eramanez.
Aldageletatik bueltan, bisitariek pistaren hiru laurdenetan estutzen hasi ziren; ibartarrak berriz, konbinazio onekin eta lerroen arteko jokoaren kontrolarekin lerroak gainditzen jarraitzen zuten, baina azken metroetan findu gabe.
15 minutu falta zirela Sierok berriro murriztu zuen tartea, falta baten egindako estrategia ekintza baten bidez. Partida zaildu egin zen orduan, Liher lesionatu egin zen gainera, muskulu arazo baten ondorioz, baina etxekoek, etsi beharrean, iritsiera arriskutsuak egiten jarraitu zuten; norgehiagokaren zati horretan, eta partida parekatuen zegoenean, ibartarrak barruko kasta hori atera zuten eta taldeko ekintza solidario batean, errotazio motzekin, baloia estu hartu eta aurkaria bere kantxan lotzea lortu zuten.
Azken minutuak iritsi ziren eta Asier Aierberen talentua eta zorroztasun taktikoa agerian geratu zen; hiru minutu eta erdi falta zirela 4-2koa egin zuen ekintza kolektibo on baten ondorioz. Gol honek ukituta utzi zuen bisitaria eta minutu bat beranduago, 5x4eko jokoarekin erasorako prestatzen ari zirenean Asier Aierbek berriro, estrategia ekintza batekin azken 5-2koa egin zuenean oraindik gehiago. Hat-trick partikular honekin amaitu zen partidua.
Amaieran, entrenatzaileak honela baloratu zuen jokatutakoa: “Egindako lanagatik zoriondu behar dira jokalariak, garaipena merezi genuen; orokorrean partidu serioa jokatu dugu, hainbat zorigaizto jasan behar izan ditugu, lesioak batik bat, baina indarrez eta ausardiaz osatu gara. Aurkariak aurkeztutako defentsa ongi irakurri dugu eta areto futbol polita garatu dugu, baina berriro azken metroetan trabatu gara. Hala ere, hazten goaz; hori da garrantzitsuena”.

LAUBURU K.E. IBARRA-ren asteburuko emaitza-taula
KATEGORIA PARTIDA EGUNA EMAITZA TOKIA
2. B LAUBURU K.E. IBARRA  –  NUESTRA SRA. DEL PORTAL Larunbata 28 6-2 Belabieta (IBARRA)
Oho. Jubenilak LAUBURU IBARRA MAHALA  –  EFS. DE SIERO A Larunbata 28 5-2 Belabieta (IBARRA)
Emakumezkoak ESKORIATZA K.E. – LAUBURU K.E. IBARRA Igandea 29 2-1 Miguel Muñoz (ESKORIATZA)
1. Territoriala LAUBURU KLINIKA ALDAZ – JAIXKI AFT Ostirala 27 9-3 Belabieta (IBARRA)
Jubenilak LAUBURU K.E. IBARRA – BAR LASARTE Larunbata 28 5-5 Belabieta (IBARRA)
Kadeteak MONDRATE CD DRAGOIAK – LAUBURU K.E. IBARRA Igandea 29 0-8 Iturripe (ARRASATE)
Infantilak UZTURPE LAUBURU 2004 – GAEL Larunbata 28 3-1 Belabieta (IBARRA)
Infantilak ERAIN 1º-2º ESO – UZTURPE LAUBURU 2005 Larunbata 28 4-6 Erain eskola (IRUN)